BILBO. Gaurtik aurrera, Artxandako Begiratokiaren Parkeak aurpegi berri bat du, bertan egindako berrikuntza lanak amaitu baitira. Lan horiei esker, Bilboko leku esanguratsu honetako sarbide eta inguruak irisgarriagoak dira orain.

Gaur bertan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziarekin eta udaleko beste ordezkari batzuekin batera, amaitutako lanak inauguratzen izan da: Udalak, esku hartze honekin, eremu adeitsuago bat sortu du, eta, diseinu integratzaile batekin, eremu horretan aurki daitezkeen elementu bereziak indartu ditu: Hatz-aztarnaren Eskultura, Iturri Zentrala eta Begiratokia.

Halaber, ospea izango duen lorategi bat diseinatu da, bakarra Bilbon, lore parterre irisgarriekin, eta pergola landaredun bat, 60 arku baino gehiago dituena.

ARTXANDAKO BEGIRATOKIA

Artxandako Begiratokian bada pasealeku bat parke guztia inguratzen duena, mendi hegala eta Bilbo agerian dituela, eta 4 metro baino gehiago zabal. Pasealeku horretatik ateratzen dira bide erradial batzuk parkearen erdialderantz, non dago iturri edergarri bat aurkitzen baita.

Inguru horretan, bi egonleku bereizten dira: iturriaren plaza zentrala eta Hatz-aztarnaren Eskulturaren plaza.

Berritzeko orduan, abiapuntutzat hartu da urian ospea izango duen lorategi bat diseinatzeko asmoa: formala, berezia eta zaindua; inguruarekin ondo uztartzen diren altzariak izango dituena; zoladura berritua izango duena, eta ureztapen-sare automatizatua ere bai, belardiak urte osoan zehar ondo zainduta egongo direla bermatzeko.

Lorategia eraikitzean, ahalik eta ondoen zaindu da aurretik zeukan antolaera, inguruko zuhaiztiaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izan zedin. Era horretan, berritu egin da plaza zentrala, eta orobat Hatz aztarnaren plaza: azken hori zabalagotu egin da, aisialdirako gune gisa.

Lorategien antolaera paseatzeko dago pentsatua, ikuspegiez gozatzeko, eta landaretza miresteko, eta baditu pergolaz estalitako bideak ere, inguruari balio bereizgarri bat ematen diotenak. Gainera, lore-parterre irisgarriak landatu dira, espazioa saretzen duten bideetatik iristeko modukoak.

Parkeko egonleku biak berritu egin dira osoki. Plaza Zentralean, aldatu egin da zoladura, eta, orain, bi kolorez du akabera, "hatz-aztarnaren" irudia inprimaraziz, eta, gainera, parkearen beste egonlekuarekin lotuz. Zoladurak halaber jasotzen du puntu kardinalen marrazkia, lehen leku horretan bertan zegoen haize-arrosa gomutarazten duelarik.

Beste alde batetik, Hatz aztarnaren plaza zabalagotu egin da, egungo parterre osoaren eremua hartuz, eta, hala, zabaldi handi bat eratu da inguru horretan, Artxandako Begiratokiaren atariko moduan.

Inguru hartako altzariteria guztia birdiseinatu egin da, funtzionalitatea eta estetika hobetzearren, eta koloreak, formak eta materialak konbinatu dira horretarako, han diren gainerako elementuekiko erlazio bat sortuz.

Era berean, Udalak berritu egin ditu argiak, eta hobetu egin du argiztapen edergarria, hala Hatz aztarnaren eskulturan nola Funikularraren plazan.

PASEALEKU KONEKTATUAK

Inguru hartako pasealeku guztietan hobetu dira konexioak eta irisgarritasuna. Zoladura berritu egin da bideetan eta egonlekuetan, eta hobetu egin da nabarmenki inguru hura. Gainera, eta segida eta koherentzia ematearren jardunari, zolatu egin da lurra Hatz aztarnaren plazako kolore berarekin, harria ematen duen marrazki batekin, funtsean aurreko zoladura bera delarik.

Lan hauekin, hobetu egin da irisgarritasuna Begiratokia Funikularraren plazarekin eta Txakoli jatetxearekin lotzen duen tartean. Lanak 8 hilabetean burutu dira, eta 1.471.000 euro inbertitu dira guztira.