SASUNAREN Munduko Erakundeak ezin du ulertu, Espainiak, beste lurralde batzuekin alderatuz gero, hartu dituen horren neurri zorrotzekin horrenbeste kutsatu eta hildako izatea. Beharbada, badira arrazoiak lurraldea egoera horretara eraman dutenak. Alde batetik, izurriteak, batez ere, adineko pertsonak kolpatzen eta gehien izorratzen dituela uste izatea, ondorioz, gizartearen zati esanguratsu batek ez du uste birusak modu esanguratsu batean izorratuko duenik. Beste aldetik, oso zabalduta dago ikertzaileek sendabidea edozein unetan topa dezaketela eta egoera gainditze bidean izango dugula. Azkenik, diziplina kontua ere badago, sektore esanguratsu batek ez dauka diziplinarik, ez eta arauak betetzeko beharrik ikusten ere... eta, dezakeenean, entzungor egiten die osasun agintarien aholku zein bestelakoei.

Horrexegatik, berrogeialdia betetzera behartuta dauden zenbaitek ez du halakorik egiten eta gazte zein helduek edozein aitzakia baliatzen dute elkartzeko, guztientzat ezartzen diren arauak hankapera botata. Hori bakarrik ez, eremu politikoan dagoen tirabirak eta zaratek ere ez baitute errazten eskuartean daukagun krisia ganoraz kudeatu ahal izatea. Egoera larri batean gaude, zail batean bainoago esango nuke nik eta, horri erantzuteko, auzolana hedatzea eta gauza-tzea ezinbesteko lanabesak dira. Birusa gainditzea ez da berehalako kontua izango, baina denbora are luzeagoa beharko da izurriteak eragindako kalteak onbideratzeko.

Auzia da-eta norberaren askotariko interesak guztion ongizateari gainjarriko dizkiogun edo guztiontzako onuraren bila lanean arituko garen. Irekitzen den aldi berrian zerbitzu publiko guztiak ezin izango dira lehenetsi, batzuk besteen gainetik jarri beharko ditugu, enplegua eta jardun ekonomikoa susta-tzera ere bideratu beharko ditugu baliabideak, bai eta egoerarik zailean daudenen egoera arin-tzera ere... Baina indartu behar dugun egiteko horren guztiaren norabidea ez doa batzuk sari-tzearen bidetik, ez eta besteen bizkar bizi daitezen ahalbidetzetik ere, guztiok gaudelako deituta gure ekarpena egitera, eskua ematera.

Oker gaude izurritearen kontua ondo doala uste badugu, emai-tzak gorabehera. Iragan hurbilak diosku edozein mementotan egoera okertu daitekeela eta neurri are gogorragoak hartzea litekeen kontua dela. Horrexegatik, maskara erabiltzea eta pertsonen arteko tartea zaintzea ezinbestekoak dira, besteak beste, kutsapenari galga jarri ahal izateko, askotariko eremuetan haren sarbidea eragozteko. Azken finean, ahulduz joan diren gizartearen balioak, lankidetza, besteekiko hurbiltasuna, auzolana eta abar berreskura-tzeko ahalegina egin behar dugu, baldin eta, inor atzean laga barik, ahalik eta gehien eta ahalik eta ondoen ataka honetatik aterako bagara.