BILBO. Martxan da Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko 'Ja! Bilbao' jaialdiaren hamaikagarren edizioa. Atzo eguerdian, hilak 2, izan zen inaugurazio ekitaldia Euskal Museoko klaustroan. Bertan Bilboko alkate Juan Mari Aburto izan zen, Udal Korporazioaren beste ordezkari batzuekin batera.

Juan Bas Ja! Bilbao jaialdiko Zuzendaria, Darío Adanti komikigilea eta Alba Carballal idazlea ere partaide izan dituen gaurko ekitaldian, Alkateak argi utzi du Bilbo dela "umoreari merezi duen aintzatespena ematen jakin duen munduko hiri bakarrenetakoa, aurten hamaikagarren edizioa egin behar duen Ja! Bilbao jaialdi honen bitartez".

Aburtok eskerrak eman dizkie "Juan Basi eta umorezko literatura eta artearen nazioarteko jaialdi hau urtez urte aurrera ateratzen ahalegintzen den talde osoari" egindako lanagatik, bereziki "eguraldi txarrari aurpegi ona eman behar diogun une erabakigarri honetan, izan ere, ziur egon behar dugu, berandu baino lehen hau guztia igaro egingo dela eta, duela mende bateko gripearen pandemia haren antzera, zaharkitutako irudi-bilduma bihurtuko dela egunen batean".

Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Ja! Bilbaoren 2020ko programa atzo arratsaldean bertan hasi zen, 19:30ean, Filarmonika Aretoan, umorean modu profesionalean diharduten Dario Adanti komikigile argentinarrak eta Alba Carballal idazleak 'Umorea pandemian' gaiari buruz egin zuten solasaldiarekin.

Ja! Jaialdiaren hamaikagarren edizioa Filarmonika Aretoan egingo da oso-osorik hurrengo domekara arte, hilak 11. Bilboko Elkarte Filarmonikoaren auditoriumaren edukiera % 60ra murriztu da Covid-19aren aurkako prebentzio-neurrietara egokitzeko eta bertaratutakoei leku segurua eskaintzeko. Pandemiak eragindako premiari erantzunez, aurten inoiz baino umorista gehiago gonbidatu dituzte jaialdira; hala nola, Raúl Cimas, Edu Galán, Marta Sanz, Sergio del Molino, Pantomima Full, Carlos Garcia Gual, Martin Caparros, Elvira Roca Barea eta Alba Carballal, besteak beste.