BILBO. Bihar, irailak 30, eta etzi, 'Greencities Hiri kudeaketa Adimentsu eta Jasangarriaren Foroa' ospatuko da Malagako Azoka eta Biltzar Jauregian. Biltzar horretan Bilboko alkate Juan Mari Aburto izango da Bilboren ordezkari gisa.

Biltzar horretan, lurralde adimentsuen egungo agenda osatzen duten jardun-eremu nagusiak landuko dira, eta baita ere haien hazkunde jasangarria, ekonomia eta herritarren parte hartzea; hiri mugikortasuna; green ekosistema (ingurumena, energia, eraikuntza eta garapen jasangarria) eta hirietako gizarte digitala.

Aburto alkateak bihar parte hartuko du, 10:00etatik aurrera, "Hiri proiektuak, Green Point Foroa" izeneko eztabaida-mahaian, zeinaren ardatza izango baita hiri jasangarri eta adimentsuen garapena, herritarrak kudeaketaren erdigunean jartzen dituen estrategia batekin lerrokatutako hiriena. Eztabaida-mahai hori Malagako alkate Francisco de la Torre jaunak gidatuko du, eta Pablo Hermoso Logroñoko alkate jaunak, Gema Igual Santanderreko alkate andreak, Joan Ribó Valentziako alkateak eta Óscar Puente Valladolideko alkateak parte hartuko dute.

Bere mintzaldian, Aburto alkate jaunak Smart Bilbao esperientzia azalduko du, eta agertuko du zer proiektu diren abian hirian, Bilbo hiri adimentsu, bizigarriago, inklusiboago eta erakargarriago bat bihurtzeko, eta berezitasun eta nortasun propioarekin talentua eta inbertsioak erakartzeko. Aburtok nabarmenduko duen ideia hau da: Bilbok balioa sortu behar du uriaren ezaugarri diren balio propioetatik abiatuta, eta eraldaketarako gaitasunak indartu behar ditu, hainbat izan dira-eta Bilbok igaro dituen eraldaketak, eta, hori, begirada kosmopolita batekin egin behar du, Zorrotzaurrekoa bezalako trakziozko proiektuekin (Zorrotzaurre unibertsitate-hiria edo ekintzaile hiria).

"Foro Green Point" horretan ez ezik, Aburto alkateak orobat parte hartuko du alkateen arteko topaketan, arratsaldeko saioan.