BILBO. Zinemaldiaren 68. edizioan parte hartu duten eta oraindik zineman estreinatu ez diren film batzuk Azkuna Zentroan ikusi ahal izango dira.

Urteroko hitzordu hau irailaren 28an hasiko da aurten, astelehenarekin, eta urriaren 4ra arte iraungo du (igandea). Donostiako Zinemaldiaren programazio-parrila handiaren lagin txiki bat izango da, eta Atal Ofizialean, New Directors, Perlak eta Zabaltegi sekzioetan aurkeztutako lan batzuk izango ditu ikusgai.

Zikloa gaur goizean aurkeztu da, prentsaurrekoan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendaria bertan izan dira. 'Akelarre' zintaren ekoizleek, Iker Ganuzak eta Koldo Zuazuk, eta 'Las mil una' pelikularen zuzendaria den Clarisa Navasek aurkezpenean parte hartu dute, eta gaur arratsaldean filmaren proiekezioan ere izango dira.

Gai, jatorri eta sari desberdinak dituzten zazpi film Bilbora etorriko dira Azkuna Zentroko Zinemaldiaren asterako, eta Zentroan orain dagoen zinema-programarekin batera erakutsiko dira. Oraingo programak dimentsio historikoa -Zinematekan- eta ikus-entzunezko ekoizpen garaikidea eta nazioartekoa hartzen ditu kontuan.

Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioan estreinatzeko hautatutako zazpi film argitaragabe eskainiko dira, Zinemaldiarekin elkarlanean garatzen den programa honetan. Proposamen hau Zentroaren baitako zinemaren eta ikus- entzunezkoen esparruan kokatzen da, eta aintzat hartzen ditu bai haren dimentsio historikoa, Zinematekaren bidez, eta bai ikus-entzunezkoen ekoizpen garaikidea eta nazioartekoa.

Bi euskal filmek emango diote hasiera eta bukaera zine aste honi. 'Akelarre' da bata, Jaialdiko Sail Ofizialeko lehiaketaren parte hartuko duena. XVII. mendeko Euskal Herriko sorgin istorio bat da, ikuspuntu feminista batetik begiratuta. Pablo Aguero da Espainia, Frantzia eta Argentina artean osatutako koprodukzio honen zuzendaria.

'Ane', David Perez Sañudok zuzendua, New Directors sailean parte hartzen ari dena. Euskadin Abiadura Handiko Trena eraikitzea eragiten ari den gatazkan kokatua, ama baten eta haren alabaren arteko hurbiltze eta elkar ulertze istorioa da; Patricia Lopez Arnaiz eta Jone Laspiur aktoreen arteko interpretazio norgehiagoka egundokoa dago hor.

'Été 85' filmarekin Zinemaldiko lehiaketara itzuli da François Ozon, amaiera tragikoa duen historia erromantiko batekin. Frantziako kritikaren iritziz, zuzendari horren film onenetako bat da.

'El agente topo', Maite Alberdik zuzendua. Sundancen lortutako arrakastaren ondoren, Txileko zaharren egoitza batean girotutako istorio samur hau Zinemaldiko Perlak sailean parte hartzen ari da.

'Herself', Phyllida Lloydek zuzendua, ama gazte baten istorio latza da; senar abusatzaileari ihes egin, eta etxebizitza sozialen sistema ustel eta ezgauzari aurre egin dio.

'Rizi / days', Tsai Ming-Liang zuzendariarena, bakardade istorioa da, elkarrizketarik gabe kontatua, ahalmen bisual paregabekoa.

Azkenik, 'Las mil y una', Clarisa Navasek zuzendua, 2018an Zinemaldiaren Koprodukzio Foroan eta aurten Berlingo Panorama sailean aurkeztutako proiektua, Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean esku hartzen ari da. Berlinen saritua eta 2020an Sebastiane Latino saria irabazi irabazitakoa, Mil Casas auzoan kokatutako maitasun lesbikoko istorio eder bat da.

EGITARAUA

  • Irailak, 28, 19:30ean. 'Akelarre' (90'). Sail Ofiziala. Zuzendaritza: Pablo Agüero (Espainia - Frantzia - Argentina).
  • Irailak, 29, 19:30ean. 'Été 85 / Summer of 85' (100'). Sail Ofiziala. Zuzendaritza: François Ozon (Frantzia).
  • Iraila, 30, 19:30ean. 'El agente topo / The mole agent' (84'). Perlak Saila. Zuzendaritza: Maite Alberdi (Txile).
  • Urriak,1, 19:30ean. 'Herself' (97'). Perlak Saila. Zuzendaritza: Phyllida Lloyd (Irlanda).
  • Urriak, 2, 19:30ean. 'Rizi / Days' (127'). Zabaltegi-Tabakalera Saila. Zuzendaritza: Tsai Ming-Liang (Taiwan).
  • Urriak, 3, 19:30ean. 'Las mil y una' (120'). Horizontes Latinos Saila. Zuzendaritza: Clasira Navas (Argentina - Alemania).
  • Urriak, 4, 19:30ean. 'Ane' (120'). New Directors Saila. Zuzendaritza: David Pérez Sañudo (Espainia).