BILBO. Amaitu dira dagoeneko Iparraldeko futbol zelaiaren belar artifiziala berritzeko egiten ari ziren obrak. Lanak aurrera eraman ahal izateko, Bilboko Udalak 227.478 euro inbertitu ditu Bilbao Kirolaken bidez.

Udalaren Iparraldeko futbol zelaiak belar artifizial berria estreinatu du. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziarekin eta udal korporazioko beste kide batzuekin batera, Basurtu auzoko instalazioetan izan dira gaur goizean, udan gauzatu diren hobetze eta jagote obrak ikusten.

Juan Mari Aburto alkateak gogorarazi du ezen Udalaren helburu nagusietako bat dela Bilbao Kirolak entitatearen bidez "Udalaren kirol instalazioak jagotea eta hobetzea, kirola sustatzearren pertsona guztientzako bizi ohitura osasungarri moduan".

Juan Mari Aburtok nabarmendu du beste lan batzuk ere egin direla, Iparralde, Artxanda, Errekalde eta Mallonako futbol zelaien segurtasuna handitzeko: "eremu kalitatezkoak eta seguruak bideratu eta eskaini nahi ditugu".

IPARRALDE HOBETZEKO LANAK

Lanok egin dira lehendik zegoen belar artifiziala aldatzeko eta belar berri eta azken-azken motako bat ezartzeko, zeinak soropil artifizial nahastua baliatzen baitu -- hari bakunak eta zuntzeztatuak--, 60 milimetrora arte garai, latexezko edo poliuretanozko indukzio batekin finkatutako xafla baten gainean, eta guztia areazko eta kautxu pikorrezko nahastura batekin lastatu eta betea.

Zoladura ezartzeaz gain, joko-zelaiak markatu dira; luzetara eta zuriz, 11ko futbolerako zelaiaren marrak, eta zabaletara eta horiz, 7ko futboleko zelaiaren marrak. Halaber, ate eta banderatxo berriak ezarri dira.

Harmailen kontrako bandan, belar artifizialezko eremu bat ezarri da, berotze-ariketak egiteko gune moduan. Gainera, lan osagarriak ere egin dira, hala nola zorua, urak zelaitik husteko elementuak eta ureztatzeko elementuak konpontzea.

Udalaren Iparraldeko futbol zelaia 1999an eraiki zen, eta, guztira, 6.838,76 m2 ditu (105,05 metro x 65,10 metro). Belar artifiziala, atzenengo aldiz, 2010ean berritu zen.

Iparraldeko zelaian Acero, Basurtu eta Indautxu taldeek entrenatzen dute. Guztira 600 jokalari inguruk erabiltzen dituzte instalazio horiek.

SEGURTASUNA HOBETZEA

Horrez gain, hala Iparraldeko futbol zelaian nola Artxanda, Errekalde eta Mallonako futbol zelaietan, ikusleak eta jokalariak bereizteko baranden segurtasuna eta babesa handitzeko lanak egin dira.

Hormigoi aurrefabrikatuzko baranden ordez, metalezko barandak ezarri dira, sekzio biribilekoak eta apar eta binilozko betegarri batekin estaliak, kirolarien segurtasuna hobetuz talkak eta kolpeak gertatzen direnerako. Halaber hobetu da beste elementu batzuen babesa, hala nola ateetako egitura lagungarriak, bai 11ko futboleko zelaian, bai 7ko futbolekoan.