Gaurtik aurrera

30 km/h-ra murriztuko da abiadura Bilbo osoan

22.09.2020 | 16:32
Juan Mari Aburto eta Alfonso Gil, neurri berria azaltzeko eskainitako prentsaurrekoan.

BILBO. Gaurtik aurrera, hilak 22, ibilgailuak 30 km/h-ko gehienezko abiadura hartu ahal izango dute Bilboko hiri osoan zehar. Horrela azaldu egin dute Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi Alfonso Gilek gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. 

2018ko uztailetik, Bilboko kaleetako % 87an, bazegoen gehienezko abiadura mugatuta, 30 km/h ezarrita gehienezkotzat. Orain, neurri hau hiri osora zabalduta, Bizkaiko hiriburua 300.000 biztanle baino gehiagoko lehen hiria izango da munduan ibilgailuen zirkulazioaren gehienezko abiadura mugatzen duena 30 km/h ezarrita muga.

Urteokin, Bizkaiko hiriburuan ekimen asko gauzatu dira hiri mugikortasuna hobetzeko, eta hainbat bider agertu zaio ezagutza horregatik, batzuk ospe handia eman diotelarik, hala nola Greenpeacek mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromiso handieneko hirien zerrendan lehen lekuan jarri izana 2019an, edo "Ciudades que caminan" saria 2020an, edo Bilboko garraio publikoak baloraziorik onena eskuratu izana KIBek Espainia osoan egin zuen azterketan, edo Aire Garbiaren Lehen Saria, airearen kalitatea hobetzeko hartutako neurriengatik, "X Aire Limpio" plataformak emanik.

Neurri honekin, trafikoa baretu nahi da, gidatzeko ohiturak aldatu, eta ingurumenaren gaineko presioa gutxiagotu (bai airearen kutsaduran, bai kutsadura akustikoan). Bilbo hiri seguruagoa izango da aurrerantzean, adeitsuagoa, erosoagoa, atseginagoa eta osasungarriagoa. "Are 30 bider gehiago".

Airearen kutsadura murriztean, poluzioak osasunean dauzkan ondorio neurotoxikoak nabarmen gutxitzen dira. Gas gutxiago isuriko dira eta horrek osasunaren hobekuntza orokorrean izango du eragina eta klimaren aldaketa arintzen lagunduko du. Izan ere, abiadura motelagoan, CO2 isuriak asko murriztuko ditugu.

"Bilbo osoa 30ean" neurriaren bidez, gainera, hobea izango da trafiko osoaren bizikidetza galtzadan, baita bi gurpileko ibilgailuentzat ere; izan ere, istripuetarako arriskua eta istripuen larritasuna erruz murriztuko dira, abiadura-muga horren petik ibiliz.

Azterlan askoren arabera, gehienezko abiadura 30 km/h den eremuetan, istripuen tasa orokorra % 15 eta % 30 bitartean murrizten da, eta istripuen larritasuna % 50 murrizten da.

Azterlan horien arabera, orduko 30 kilometroko abiaduran joanik, arriskua 9 bider txikiagoa da orduko 50 kilometroko abiaduran joanik baino; eta, bestalde, orduko 80 kilometroko abiaduran joanik, ibilgailuek harrapatzen dituztenen % 95 hiltzen da, eta, aldiz, orduko 65 kilometroko abiaduran joanik, % 85, eta orduko 50 kilometroko abiaduran joanik, ostera, % 45. Aitzitik, orduko 30 kilometroko abiaduran, ibilgailuek harrapatutakoen % 95 ateratzen da bizirik.

Hiri-bidean abiadura murriztuta, murriztu egiten da halaber istripuen kopurua guztira, eta, hala da, hain zuzen, ibilgailua hobeto menderatuta eroaten delako eta distantzia txikiagoan hauteman ahal delako inor edo ezer jotzeko arriskua.

Gainera, neurri honekin trafikoa baretzen da, eta segurtasuna hobetu ez ezik, ingurua atseginagoa izan dadin ere lortzen da, kaleko edo auzoko bizimoduaren zati handi bat berreskuratzeko bidea emanez, eta tokiko merkataritzarako ere onuragarri gertatuz.

Gainera, azterlanen arabera, bizikleten, oinezkoen eta motordun ibilgailuen arteko bizikidetza ere hobetu egiten da. Egiaztatuta dago handitu egiten dela nabarmen kaleetatik dabiltzan oinezkoen kopurua, eta, 30 eremuetan, hazi egiten dela bizikleten erabilera, % 15 eta % 20 bitartean; aldiz, motordun ibilgailuen erabilera murrizten da, horixe izaki europar politiken helburuetako bat.

"Bilbo osoa 30ean" neurria bat dator Europako Batzordeak aurtengo Mugikortasunaren Europar Astearen kanpainarako hautatutako goiburuarekin: "Isuririk gabeko mugikortasun baten alde" baitzen goiburua. Gai honek 2050erako ikatz-isurketen neutraltasuna lortzeko helburu asmo handikoa islatzen du, Europako Itun Berdean jasotakoa. Halaber, gaiak azpimarratu nahi du garrantzitsua dela bi hauek sustatzea: zero isuriko garraio-sistemetarako irisgarritasuna eta pertsona guztientzako sistema inklusiboa.

IBILTARIARIAREN SARIA

Azkenik, "Bilbo nire kotxe barik! Bilbo nire kotxe barik! egunean ohikoa izaten den bezala, 2020ko Ibiltariariaren Saria eman da aurten ere. Oraingo honetan, Europar Mugikortasunaren Astea hain birtuala izan delarik aurten pandemiaren ondorioz, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak ezagutza agertu nahi izan dio gure hiria goratuko eta bereiziko duen ekimen digital bati.

Bilbao, ay cómo has cambiao!, @bilbaocambiao (42.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Facebooken), Conoce Bilbao con Esme @conocebilbao.conesme (10.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Facebooken eta ia 4.000 Instagramen), Me gusta Bilbao Bilbo @MGBilbo (ia 75.000 jarraitzaile Facebooken) eta Bilbao en construcción @bilbaoenconstruccion (7.000 jarraitzaile dauzka Facebooken eta 2.000 baino gehiago Instagramen) izan dira hautagaiak.

Irabazle gertatu den ekimena Bilboko 2020 EMAn laguntzaile izan diren irrati-etxeen entzuleek hautatu dute (irrati etxeen zerrenda). Eta entzule agurgarriek eman duten epaia izan da 2020ko Ibiltariaren Saria saria ekimen honentzat izango dela: "Conoce Bilbao con Esme" @conocebilbao.conesme.

"CONOCE BILBAO CON ESME"

2013an ireki zuen profil hori Esmeralda Hernandok, eta 2014tik blog bat ere badu. Gainera, Bilbori buruzko hiru liburu idatzi ditu eta hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du.

Bilboko ohiko ibiltaria dugu Esmeralda, eta bere "Pildoritas de Bilbao" izenburuko liburuetan istorioak edo "susedidoak" (Bilbon bertako azentuko gaztelaniaz esaten den bezala) azaltzen ditu, modu atseginean, sinplean, hizkera argian eta, batez ere, Bilbo bihurtu den hiri handia eraikitzeko oinarria izan zen iragan hori erakusteko gogo biziz kontatuak.

Esmeralda Hernando egileak, sare sozialetako profiletan zein argitalpenetan, bere hiriko txoko eta sekretuak ezagutarazi nahi ditu, eta irakurle bakoitza bilbotar sentimenduan murgildu, bere tradizioetan barneratu, bere harrotasunaz kutsatu eta bere nortasunaz busti dadila.