BILBO. Irailaren 26tik urriaren 22ra bitartean ospatuko da Loraldia Udagoiena festibalaren seigarren edizioa. Koronabirusaren pandemiak jaialdia atzeratzera behartu egin zuen martxoan, eta orain ospatu ahal izango da azkenik. Atzo, hilak 18, Loraldia Kultur Elkarteak festibalaren aurkezpena egin zuen.

Bideoz hartu dute parte babesle diren erakundeen izenean, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak; eta Juan Mari Aburto, Bilboko Alkateak. Loraldia Festibalaren aldetik, Imanol Agirre, zuzendari artistikoak eta Amaia Ocerin, komunikazio arduradunak parte hartu dute. Hauekin batera, festibalean ekintzen bat burutuko duten zenbait artistek bideoak bidali dituzte baita ere.

Ez da izan erreza, baina "sormena da irtenbidea" leloa aldarrikatu eta Festibala berreskuratu da. Hala, Loraldia Festibaleko Udagoieneko edizioak euskal kultura izango du oinarri. Urtero legez, Loraldiak ezin baitu sortzaileen aldeko lana bazterrean utzi. Euskal Herriko zein nazioarteko pertsonak ekarriko ditu gurera, Loraldiaren sormenak ez baitu mugarik.

Irailaren 26an hasi eta urriaren 22ra arte luzatuko da udazkeneko Festibala. Oraingo honek, gainera, berrikuntza izugarria dakar, hiru eguneko esperientzia digitala.

ESPERIENTZIA DIGITALA

Osasun krisia dela eta, Loraldia Udagoiena jaialdiko ikuskizunak mugatuta daude, edukiera mugatuta dago, kultura gozatzen dugun pertsonen arteko harremana mugatuta dago, eta proposamenak sortzen dituzten pertsonekiko eta artistekiko hurbiltasuna mugatuta dago.

Baina Loraldia Udagoienak gaurko sasoi likidoei erantzun nahi die. Hori dela eta, berrikuntza batekin dator. Ohiko zuzeneko ikuskizunez gain, esperientzia digitala eskainiko du. Teknologiari esker mundura jalgiko da Loraldia. Izan ere, aro berriari bide berriak dagozkio.

Esperientzia Digitala izena eman dio proposamen berriari Loraldia Kultur Elkarteak, streaming bidezko ekintza eta ikuskizunen erretransmisioa baino gehiago izango direlako. Programa berri honen parte izango diren ekintzek badute nortasun propioa eta presentzialen osagarri dira.

Hiru eguneko esperientzia digitala izango da. Ekitaldiak ikusi eta gozatu ahal izango ditugu Loraldiaren eta EITBen web orrialdeen bidez. Hortaz, mundu osoaren eskuetan egongo da gure kultura garaikidea.

Lehenengoa urriaren 4an izango da, 'Kanta batek mundua eral dezake?' galderari erantzuten saiatuko gara. Noam Chomskyren "Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak" abiapuntu hartuta, Harkaitz Cano idazlearen, Petti musikariaren eta Ana Galarraga aurkezlearen arteko solasaldia izango da.

Horrez gain, esperientzia digital honen bidez, 'Manipulazio Estrategiak' kontzertuko hamaika kantaz gozatzeko aukera izango dugu. Solasaldiak, kantak€ eta parte hartzeko aukera.

Bigarrena urriaren 8an. Alos Quartet izeneko laukoteak 'Lau' izeneko diskoa kaleratu du aurreko urtean eta horrekin batera taldearen 20. urteurrena ospatuko du Loraldia Udagoienean.

Sormen festa honetara bi dantza unibertso gonbidatu dituzte: alde batetik, Aukera Dantza Konpainia, sustraietatik sortzen diren soinuei kolore eta mugimenduz janzteko; bestaldetik, Amaia Elizaran, dantza garaikidearen irudimena eszenaratzeko. Eta, beraiekin batera, musikari algun apartak: Oskorri taldeko kide ohi batzuk, Gorka Hermosa eta Aitor Etxebarria, besteak beste. Ikuskizun osoa zuzen zuzenean emango da streaming bidez.

Hirugarrena eta azkena urriaren 18an izango da, ¡Gure herriaren soinu banda¡ lema pean. Mikel Urdangarinek solasaldia eta kontzertua eskainiko du, lehenengoa Ilaski Serranoren laguntzaz. Kantautorea lehenengoz bakarrik pianoarekin arituko zaigu oholtzan iluntzean eskainiko duen kontzertuan. Eta goizeko saio digital berezi honetan aperitibo txikia izango dugu, solasaldi eta musikarekin. Horrez gain, hitzordu honetan ez dira faltako lagunak: Karmele Jaio, Elizabeth Macklin eta Txani Rodriguez.

Bide digital horiek, edukiera-mugak ezartzen duena baino jende gehiagorengana heltzeko aukera emango dute. Finean, mundu interaktibo baten bidez eta parte-hartzearen bidez, sareetatik kalera eta kaletik sareetara bidaiatzea ahalbidetuko digu esperientzia digitalak. Gainera, esperientzia hau publikoaren ekarpenarekin osatuko da, sare sozialen bidez Loraldiarekin batera parte har dezan botako dizkien proposamenen bidez.