BILBO. Udan zehar izandako arrakasta kontuan izanda, #BilbaoUda2020 programak irailaren 20ra arte luzatuko du bere egitaraua. Osasun-egoera benetan zaila izanda ere, jendeak ondo erantzun du azken hilabete hauetan zehar proposatutako ekintzetan, eta orain hurrengo urtera arte agurtzeko aukera izango dute bilbotarrek.

Hala, bada, udako denboraldia amaitzeko, 32 ekitaldi izango dira Uriko auzo batzuetan eta besteetan, bertako 18 konpainiaren eskutik, Udalak apustu irmoa egiten duelarik krisi sanitarioak gogorren eragin dien industrietako bati laguntzeko, alegia, kulturari.

#BILBAOUDA2020

#BilbaoUda2020 da Bilboko Udalak ekarri duen proposamena, uriko auzoetako herritarrek aurtengo udan beren kultur agendak bete ditzaten. Hala, egitarauak aisia- eta kultura-arloko 150 jarduera baino gehiago eskaintzen ditu, #BilbaoAurrera Udal Planaren barruan. Helburu nagusia da covid-19aren ondorioak arintzea egungo egoerak gehien kaltetu dituen sektore profesionaletan.

Hona hemen #BilbaoUda2020 egitarauari amaiera emango dioten konpainiak eta ikuskizunak:

Berdinki Zirkua konpainiak, ‘Mikra’; Circo Deriva konpainiak, ‘Ya es tiempo de hablar del amor’; Edu Manazas-ek, ‘Fuera de Stock’; Eidabe konpainiak, ‘Gora Kasete!’; Hortzmuga Teatroa konpainiak, ‘Jule’; Hutsun eta Ortzi bikoteak, ‘Urbasa’; Kukai Dantza Taldeak, ‘Gelajauziak’; Maite Guevarak, ‘Qué buen día’; Malas Compañías konpainiak, ‘Prozak’; Monda Lironda Pailazoek, ‘Desioak - Deseos’; Natxo Montero Danza konpainiak, ‘Barbecho Urbano’; Oñatz Dantza Taldea + Gaztedi Dantza Taldea; Panpotx Kultura Elkarteak, ‘Kattalinen Bidaia’; Sempre Arriba konpainiak, ‘C’est pas Possible’; The Funes Troup konpainiak, ‘Aukerak’; Tio Teronen Semeak konpainiak, ‘Festamentua’; Trakamatraka konpainiak, ‘Matraka ma non Tropo’ eta Trapu Zaharrak konpainiak, ‘Turistreando’.

Ikuskizun guztiak dohainik izango dira lekua bete arte.

KULTURA AUZOETAN

Datozen asteek badute berezitasun bat: egin eginean ere, #BilbaoUda2020 egitarauaren barruan, badira lau programa ohikoak direnak Udalaren kultur eskaintzan. Hala, Zirkualdea programaren barruan datozen ikuskizunak Errekalden emango dira; Clown Zorrotza programakoak, Zorrotzan; Santutxu Kolorea programakoak, Santutxun; eta Otxarkoagan Artea Kalean programakoak, Otxarkoagan.

Auzoa izan ohi da gune nagusia, eta, gainera, batu egiten ditu Uriko auzotarrak, eta, hala, familiek aukera izango dute kaleko arteen eskaintzarik onena etxe ondoan gozatzeko, ikuskizunak barruti bakoitzean ezagun-ezagunak diren lekuetan izango direnez. Abando - Kasilda Iturrizar parkea; Zazpi kaleak - Arriaga plaza; Zorrotza - Azoka plaza; Santutxu - Karmelo plaza; Otxarkoaga -Ugarte plaza; La Peña -Ibaizabal landa; Buia Bekoa -saskibaloi zelaia; - Uribarri - Eskolen plaza; Castaños - Funikular plaza; Arabella - Plaza; Olabeaga - Ermita; Errekalde - Errekaldeko plaza eta Uretamendiko udaltegia; Altamira - Pilotalekua.