BILBO. Gaur goizean, abuztuak 19, asteazkena, Polizia Koordinazioko Batzordea ospatu egin da Bilboko udaletxean. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok zuzendu egin du Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio-bilera.

Batzarra Udaletxeko Batzorde Aretoan egin da. Alkateaz gain, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Amaia Arregi Bilboko Segurtasuneko zinegotziak parte hartu dute, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko beste arduradun batzuekin batera.

Batzordea urtero bildu ohi da, data hauetan. Bi polizia-kidegoek daukaten lankidetza-politikaren testuinguruan egiten dira batzarrok, informazioa trukatzeko eta prebentzio-lana egiteko helburuz.

Oraingo honetan, covid-19ak sortutako osasun-egoera aztertu da segurtasunaren ikuspegitik, Euskadin Osasun Larrialdia aldarrikatu ondoren hartu diren azken neurrien aplikazioari arreta emanez, baita ondorengo egunetarako aurreikuspenei eta plangintza operatiboari ere.

Jaiak ospatu ohi diren datetan pertsonen pilaketa eta herritarren osasuna arriskutan jar lezaketen portaerak prebenitzea eta delituak eragoztea izan da batzorde honen lanaren muina.

LARRIALDIEN UDAL PLANA

Bestalde, Aburtok Bilboko Udalaren Larrialdi Plana aktibatu zuen berriro ere joan den astelehenean, eta Eusko Jaurlaritzaren esku jarri ditu udal baliabide guztiak, Lehendakariak agindu duen Osasun Alertaren egungo egoeran erantzun koordinatua eta eraginkorra errazteko asmoz.

Martxoan bezalaxe, Alkatea harremanetan egongo da etengabe Lehendakariarekin zein Udalean ordezkaritza duten udal talde guztien bozeramaileekin ere, ekintzak koordinatu eta osasun egoeraren bilakaerari buruzko informazioa partekatzeko. Horren harira, aurreko Udalaren Larrialdi Planean eratutako bi batzordeak -teknikoa eta aholku-emailea- abiarazi dira berriz ere.

Larrialdien Udal Planak arrisku larriko egoerei aurre egitea du helburu, eta osasun alerta, istripua, hondamendia edo kalamitate publikoa izanez gero herritarrak eta udal ondasunak babesteko behar diren baliabide guztiak mobilizatzeko mekanismoak definitzen ditu, bai eta Udalaren eta beste erakunde publiko eta/edo pribatuen artean koordinatzeko modua ere.