Sorkuntza sustatzeko programa

Azkuna Zentroko 'Babestu' programak 103 proiektu jaso ditu

19.08.2020 | 12:01
Azkuna Zentroaren eraikineko artxiboko irudia.

BILBO. Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroa den Azkuna Zentroak abiarazitako 'Babestu' programak 103 proiektu jaso ditu dagoeneko. Programa honek sorkuntza garaikidea sustatzeko helburua dauka, tokiko testuinguruko artistek eta kultura-eragileek covid-19aren krisiak eragin ahal izan dituen prozesuak eta ikerketak garatzen jarrai dezaten.

Balorazio Batzorde batek, Azkuna Zentroko lantaldeko kideek eta arte-sektorean ibilbide profesional aitortua duten kanpoko pertsonek osatua, proiektuak aztertuko ditu, eta aukeratuko ditu, Azkuna Zentroaren euskarriaz, aholkularitzaz eta bitartekaritzaz gain, 6.000 euro jasoko dituzten hamar proiektuak. Epaia irailaren 9tik aurrera jakinaraziko da.

Aukeraketa honetan, praktika artistikoei heltzeko modu berriak esploratzen dituzten eta Azkuna Zentroaren programazio-ildoekin (arte garaikidea, arte biziak, zinema eta ikus-entzunezkoak, kultura digitalak, literatura eta gizartea) elkarrizketan dauden proposamen artistiko, kultural eta sortzaileak lehenetsiko dira. Proiektuak Azkuna Zentroan garatu eta aurkeztuko dira.

Aurkeztutako 103 proiektuek askotariko gaiak jorratzen dituzte (teknologia gure gizartean, alkimia, natura, migrazioa, kontsumo digitala, genero-berdintasuna, identitatea), egungo gizartearen isla dira eta diziplinarteko moduan garatuta daude. Proposamen gehienetan, prozesuek garrantzi handia dute, eta komunitateak horietan duen inplikazioari balioa ematen diote. Testuinguru artistiko hurbilenetik datozen artisten eta kolektiboen proiektuak dira.

Babestu. Sorkuntza garaikideari laguntzeko programa berezia Lantegia. Ideien laborategian kokatzen da, Azkuna Zentroko hirugarren eraikinean ezarrita eta proiektu artistikoak ekoitzi eta bistaratzeaz arduratzen dena, parte-hartzea, sorkuntza, berrikuntza, ezagutza, irisgarritasuna eta aniztasuna sustatzen dituena. Arteen eta Kultura eta Sormen Industrien sektorea profesionalizatzeko zentroa.

Babestu programaren bidez, Azkuna Zentroak sorkuntza eta kultura garaikidearen laguntza eta hedapena sustatu nahi ditu, esperientzien, ideien eta ikuspegien trukea bultzatuz, eta hurbileko sorkuntza-sarea bultzatu nahi du, diziplina eta zeharkako dimentsioetan.

Aparteko deialdi horrek, gainera, artisten zerbitzurako tresna izan nahi du, Azkuna Zentroaren programazioari eta ekintza-lerroei lotutako sormen-proiektuak garatzeko, eta herritarrei gogoeta artistiko garaikidera hurbiltzeko eta eztabaidak sortzeko, kultura eraldaketa-tresna gisa posizionatuz.