BILBO. Uria hobetzea guztion ardura da. Horregatik, bilbotarrek 331 proposamen egin dizkiete Udalari, parte-hartze bidezko aurrekontuaren udal proiektuaren barruan. Eskaera hauek uztailaren 9tik 23ra bitartean jaso egin dira.

Aukeratzen diren proposamenak 2021eko udal aurrekontuetan sartuko dira eta, guztira, bi milioi euroko dotazio ekonomikoa izango dute.

Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako zinegotziak jasotako proposamenen kopuru handia nabarmendu du, "Bilboko herritarrek erantzun oso positiboa eman dute, parte hartzeko eta hiria eta auzoak hobetzeko interes handia dutela azaldu dute".

Parte-hartze bidezko aurrekontuaren bosgarren edizio honetan uriko barruti guztietan esku hartzeko proposamenak daude. Eskaririk gehienak Ibaiondoko barrutiarekin lotuta daude, hura baita Bilboko zortzi barrutietako jendetsuena:

  • Ibaiondo, 132 eskari
  • Basurtu-Zorrotza, 44 eskari
  • Deustu, 41 eskari
  • Errekalde, 35 eskari
  • Abando, 32 eskari
  • Uribarri, 25 eskari
  • Begoña, 11 eskari
  • Otxarkoaga-Txurdinaga, 11 eskari

Gaiei dagokionez, ohikoenak obrekin, mugikortasunarekin eta iraunkortasunarekin zerikusia dutenak dira.

PROFILA

Jaso diren 331 eskarietatik, 69 elkarteek eta entitateek egin dituzte eta 262 herritarrenak dira. Eskari-egileei begiratuta, 138 gizonezkoak dira eta 193 emakumezkoak. Adinari dagokionez, eskari-egilerik gehienek 41 eta 50 urte bitartean dauzkate (142 pertsona) eta oso ugaria izan da 51 eta 65 urte bitarteko eskari-egileen taldea (71 pertsona).

Adinarekin jarraituta, gazteena 17 urteko gizonezko bat da (16 urtetik aurrera aurkez daitezke proposamenak) eta zaharrena 85 urteko andrazko bat.

Edizio honetan, eskari guztiak sarean aurkeztu dira, horixe baitzen bide bakarra.

PROPOSAMENAK ARGITARATZEA ETA FASEAK

Eduki iraingarria edo baztertzailea izan dezaketen proposamenak alde batera utzi ondoren, gainerako guztiak abuztuaren 17an argitaratuko dira udal webgunearen Parte-hartze bidezko Aurrekontuaren atalean. Bertan jarriko da herritarren eskura proiektuaren faseen informazio eguneratua. Jasotako eskariak baino proposamen gehiago izango dira, eskari bakoitzean proposamen bat baino gehiago egin daitezkeelako.

Herritarren proposamen guztiak Udalaren webgunean argitaratu ondoren, proposamen horiek aztertzeko eta lehenesteko aldia hasiko da. Horrela, bada, udaleko sailek jasotako proposamenen edukia eta bideragarritasuna aztertuko dute, ikusmolde juridikotik eta teknikotik. Proposamen bakoitzeko ustezko kostu ekonomikoa ere kalkulatuko dute. Guztira, gehienez, 500.000 euroko gastua izango da; hau da, parte-hartze bidezko aurrekontuetarako esleitutako 2 milioi euroko kopuruaren % 25 izango da gehienez guztizko kostua.

BALANTZEA

Aurten Parte-hartze bidezko Aurrekontuaren bosgarren edizioa da. 2017tik, eta programa horri esker, herritarrek aurkeztutako 52 proiektu betearazi ditu Bilboko Udalak.