BILBO. Artxandako gainean trafikoaren segurtasuna hobetzeko hiri biribilguneen eraikitze-lanak amaitutzat eman ditu dagoeneko Bizkaiko Foru Aldundiak. BiribilguneakEnekuri eta Egirleta arteko BI-3741 errepidearen tartean daude, 9+070 eta 10+450 kilometro-puntuen artean.

Zehazki, hiru biribilgune eta oinezkoentzako beste horrenbeste ibilbide egin dira Nogaroko bidegurutzean, Trueba ikastetxe ondoan eta Urgoitin. Jarduketa horrek 1.313.493 euroko inbertsioa eskatu du, eta 2019ko irailetik 2020ko uztailera bitartean gauzatu da.

Esku-hartze horren bidez, Foru Aldundiak errepide horretako segurtasuna hobetzen du; izan ere, biribilguneek trafikoa baretzen dute eta maniobrak errazten dituzte, ezkerrerako bira-mugimenduak lehentasunezko mugimendu bihurtuz. Era berean, biribilgune bakoitza egiterakoan oinezkoen segurtasuna lehenetsi da, bidegurutzeetan espaloi eta bidegurutze seguruak sortuz.

Jarduketa horrek errepidearen funtzionaltasuna aldatu du, izaera hiritarragoa baitu. Hori dela eta, Foru Aldundiak Bilboko Udalari eman dio BI-3741 errepideko 1.380 metroko zati horren titulartasuna eta kudeaketa.

Bestalde, Bilboko Udalak Foru Aldundiak egindako obra baliatu du lan osagarri batzuk egiteko aireko linea elektrikoak bazterbide berrietatik bideratzeko eta lurperatzeko, eta, horrela, paisaiaren inpaktua murriztu du hirira begira dagoen pasealeku batean. Lan horretan, Udalak 206.000 euro inbertitu ditu.

JARDUKETA NOGAROKO INSTALAZIO ZAHARREN ONDOAN

Nogaroko izotz-pista zaharraren parean, Artxandako atsedenlekurako mendebaldeko sarbidea dago. Jarduketa horren aurretik, bidegurutzearen mugimendu nagusia Enekuriko errepidetik (BI-604) datozen ibilgailuak eremura sartzea zen (ezkerretara biratuz), eta kontrako noranzkoko erreia gurutzatu behar zen.

Bidegurutze horretan, hiru hankako biribilgune bat egin da: horietariko bi BI-3741 errepiderako eta bat aisialdi eremurako sarbiderako. Horri esker, ezkerrerako bira korapilatsua lehentasunezko mugimendu bihurtu da.

Biribilguneak 36 metroko kanpoko diametroa eta 10,4 metroko zabalerako plataforma ditu. Jarduketa hori osatzeko, oinezkoentzako ibilbide bat egin da bidearen hegoaldean, eta oinezkoentzako pasabide bat ere bai, atsedenlekura sartzeko bidearekin bat egiten duena.

JARDUKETA TRUEBA IKASTETXEAREN ONDOAN

Bigarren jarduketa-puntua Trueba Ikastetxe Pribatuaren parean dago, eta hainbat sarbide ditu. Ikastetxerako sarreraz gain, Artxandako atsedenlekurako elkargune bat dago, baimendutako mugimendu guztiak dituena (ezkerrerako bi bira barne).

Azkenik, Landabieta bidearekin lotura dago, Artxandako hegoaldeko hegaletik jaisten dena eta etxebizitza partikularretarako sarbidea ematen duena. Oro har, jarduera handiko gunea zen, autobus asko ibiltzen ziren eta ezkerrera biratzen zuten.

Enklabe horretan lau hankako biribilgune bat egin da: horietako bi BI-3741 errepiderako, bat aisialdi gunerako eta bestea Landabieta biderako sarbidea errazteko. Horrez gain, biribilgunearekin batera, ikastetxeko sarrera-mugimenduak arautzeko bide bat ere sartu da.

Biribilguneak 32 metroko kanpoko diametroa du, bi erreiko 11,1 metroko plataforma eta 0,5 metroko barruko bazterbide zapalgarria. Bidearen iparraldean dagoen espaloia birjarri da.

JARDUKETAURGOITIKO BIDEGURUTZEAN

Hirugarren jarduketa-puntua BI-3741 errepidea eta BI-3742 errepidea lotzen dituen bidegurutzean dago, hau da, Egirletako errepidera iristen den bidean, Bilborako noranzkoan. Gainera, etxebizitza partikularretara sartzeko bide lokala du.

Bidegurutze horretan, hiru hankako biribilgune bat egin da: horietako bi BI-3741 errepiderako eta bestea BI-3732 errepiderako. Etxebizitzetara sartzeko beste zulaketa bat egin behar da BI-3741 errepidearen ekialdeko hankaren gainean.

Biribilgune berriak 32 metroko kanpoko diametroa eta 11,1 metroko plataforma ditu. Urgoitiko elkarguneko jarduketa hori osatzeko, oinezkoentzako ibilbide bat egin da bidearen hegoaldean.