BILBO. Abuztuan hasiko dira Bilbao Izan programaren barruan antolatutako 'Ezagutu oinez' eta 'Ezagutu familian' izeneko bisita gidatuak. Arangoiti auzoa izango da lehenengo protagonista. Bilboko auzoak beste era batera ezagutzeko aukera ematen du ekimen honek: oinez eta doako bisita gidatuak eginez.

Bisita gidatek #BilbaoUda2020 Udalaren udako proposamenean sartu dira. #BilbaoUda2020 eskaintza 150 jardueraz baino gehiagoz osatuta dago, eta, alde batetik, herritarrei aisialdirako eta kulturarako alternatibak eskaintzea du helburu, eta, bestetik, Covid-19 delakoak sektore profesionaletan dituen ondorioak arintzea, besteak beste, kultur eragile eta entitateetan, egungo egoerak eragin handiagoa izan baitu..

EZAGUTU OINEZ

'Ezagutu oinez' uda honetan beste kultura-plan batez gozatzeko alternativa bat da. Hala, abuztuan, bisita gidatu horietan parte hartzen dutenek sakon ezagutuko dute Arangoiti, Deustuko Elizate zaharraren lurretan dagoen auzoa, Artxandako mendilerroaren oinetan.

Arangoiti 60ko hamarkadatik aurrera hazi zen batez ere, garai horretan etxebizitzak izan zuen eskari handia zela-eta, eta bere kokalekuak eta orografiak baldintzatuta, gaur egun ere indarrean jarraitzen duen nortasun propioa sortu zuen. Baserriak zeuden mendixka hura auzo aktibo eta jendetsua bilakatu zen eta nekazaritzan aritzen zirenen ordez, batez ere, portuko edo itsasadarraren ertzetan zeuden lantegietako beharginez osatutako biztanleria nagusitu zen. Baina gauza batzuk ez dira aldatu, Deustuko haranera eta ibarrera begiratzen duten ikuspegi paregabeak.

Bisita gidatu horietan, "Ezagutu oinez" programako parte-hartzaileak auzoaren historiara hurbilduko dira, Goiriko auzo zaharreko bizimoduari, bertan bizi ziren monje Kaputxinoei, txakolindegi ezagunen bati edo oso ur preziatuak ematen zituen iturburuari buruz gehiago ezagutzeko. Miramar Jauregi bikainaren eta bertako baserri zaharren historia ezagutuko dute, ikuspegi paregabeaz gozatzen duten bitartean.

Abuztuko bisitak, ordu eta erdikoak, asteartetik ostiralera 11:00etan eta 18:30ean izango dira, eta larunbatetan 10:30ean eta 12:30ean.

Ostegun arratsaldetan bisitak euskaraz izango dira. Bisitak euskaraz egin nahi duten taldeak badaude, taldearekin adostuko da zein egun eta ordutan.

EZAGUTU OINEZ FAMILIAN

'Ezagutu familian' aurten bigarren aldiz ospatzen da, 2019an proposamenak izan zuen harrera onaren ondoren, eta uztailean Deustun abian jarri ondoren Arangoitira iristen da. Lau urtetik gorako haurrak dituzten familientzat pentsatuta dago.

Bisita horietan, jolasen eta ipuinen bidez, familiek Arangoiti beste era batera ezagutuko dute, esplorazio-kit bati esker begirada bitxi eta sortzailea erabiliz. Zentzumenak irekita eta arretaz begiratuz, helduak eta txikiak auzoa ikuspegi berrietatik ezagutuko dute.

Bisitak ordu eta erdikoak izanen dira eta abuztuaren 17an eta 18an eginen dira, astelehen eta astearteetan, 17:30ean, euskaraz eta gaztelaniaz.