BILBO. Gaur goizean, hilak 20, 56 hobekuntza-eremu dituen 2020-2023 Auzokide Plana onartu egin du Bilboko Udalak. Plan honek uriko barruti guztiei eragingo die.

Deustuibarra, Uribarriko goiko aldea, zenbait parke (Europa parkea, Casilda Iturrizar parkea, Floresta lorategia, Eskurtze parkea), Arabella, eta Boluetako metro geltokiko sarbideen ingurunea dira udalak datozen urteetan esku hartuko duen eremutako batzuk.

Juan Mari Aburto Alkateak, Oihane Agirregoitia Herritarren Arreta eta Partaidetzako Zinegotziarekin eta Asier Abaunza Obretako eta Hiri Plangintzako Zinegotziarekin batera, 2020-2023ko Auzokide Plana aurkeztu du gaur goizean Udaletxeko Arabiar Aretoan.

Alkateak nabarmendu duenez, Plan hau "herritarren parte-hartzea bultzatzeko daukagun tresnarik garrantzitsuenetako bat da. Helburua bera ere garrantzitsua baita: gure auzoen gizarte eta hiri-kohesioa". Aburtok beren-beregi azpimarratu ditu 4 urte hauetarako helburuak: "irisgarritasuna hobetu eta arkitekturako oztopoak kenduko ditugu geure kaleetan, hiriko berdeguneak eta egoteko espazioak dinamizatuko ditugu, adibidez, parkeak, umeen jolasguneak, kalean kirola egiteko espazioak eta abar, eta auzo-bihotzak bultzatuko ditugu". Auzokide Planak 49,6 milioi euroko aurrekontua duela gogoratuz, Alkateak argi utzi du "hiritarren batera egiten dugun inbertsioa dela, gure auzokideen lehentasunak entzunez eta erantzuna emanez".

Aurrerantzean, uriko herritarrek, barrutietako kontseiluen bidez, euren kale, plaza, parke edo auzoak hobetzeko lehenetsi dituzten obra-proiektuak definituko dira. 2020. urtekoak garatzen ari gara dagoeneko.

Irisgarritasuna, argiztapena hobetzea, kaleak eta hiri-altzariak berritzea, parkeen dinamizazioa, espaloiak zabaltzea eta auzoko bihotzak bultzatzea dira, batik bat, bizilagunek lehenetsi dituzten jarduketak.

Urte honetarako 2020-2023ko Auzokide Planaren dotazio ekonomikoa 1,7 milioi eurokoa da barruti bakoitzeko, hau da, ohi baino 200.000 euro gehiago barruti bakoitzeko. Salbuespen gisa eta aurreko agintaldiko zuzkidura osatzeko 2020ko aurrekontuari gehitu zaio. Hurrengo urteetarako -2021, 2022 eta 2023- barruti eta urte bakoitzeko 1,5 milioi euroko dotazioa du.

Horrela, plan honekin, Bilboko Udalak auzoen etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egin du. Guztira 49,6 milioi euro inbertituko ditu 2023ra arte. Gainera, bizilagunen parte-hartzea bultzatzen du honela, herritarrek eta Bilboko eragile politiko eta sozialek barrutietako kontseiluen bidez lehenetsi dituzten obrak eta jarduketak gauzatuz.