BILBO. Erabiltzaileen esperientzia hobetzeko asmoz, Bilboko Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Bilbobuseko informazio-bulegoan. Besteak beste, espazioa lehen baino inklusiboagoa da orain, tresna berriak eta irisgarritasunaren arloko azken teknologia gehitu baitzaio. Hori guztia, edozein zailtasun fisiko, sentsorial edo kognitibo duten pertsonei gauzak ulertzen eta espazioan modu autonomoan mugitzen laguntzeko.

Aldaketak bulegoaren kanpoaldetik hasi dira, Poza lizentziatuaren kaleko 8an. Kokapena errazte aldera, kanpoko leihoek eta sarrerako ate lerragarriek biniloen bidezko seinaleak eta informazioa dituzte. Erabiltzaile guztiek erabil dezakete sarrera, eta bi altuerako mostradorea du, gurpil-aulkia duten pertsonentzei hitz egitea errazteko. Bide podotaktil bat ere egin da sarbide nagusitik informazio puntura, lurreko irtenguneen bidez gidatzeko. Konfigurazio horri esker, modu seguruan mugi daitezke ikusmen-urritasuna duten pertsonak. Bide honek plano haptikoa duen atril batera darama, autobus turistikoaren ibilbidea markatzen duena. Plano mota hau baliagarria da ikusi eta ukitzeko eta, hala, hiria ezagutzen ez duten pertsona askok ukimenari esker ezagutuko dute.

Bilbobuseko informazio-bulegoko mostradoreak bi altuera ditu. Behealdeak 80 cm-ko zabalera eta 80-85 cm-ko altuera ditu. Mostradorearen mahaiaren azpian oztoporik gabeko espazio bat dago, 80 eta 70 cm arteko altuerakoa eta 60 cm-ko hondokoa, gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonak aurrealdera hurbildu ahal izateko. Gainera, bulegoko itxarongunean, toki batean eserlekuak egongo dira, itxaron behar denean mugikortasun murriztua duten pertsonek erabil ditzaten.

Halaber, QR duten binilo irristagaitzak jarri dira lurrean, hainbat hizkuntzatan funtsezko informazioa dutenak, Map´s Voice teknologiari esker, guztiz eskuragarria baita. Irisgarritasunaren arloko azken teknologiak dauzka bulegoak. Adibidez, zeinuak interpretatzeko zerbitzua, SVisual aplikazioaren bidez.

Azken urteotan, zuzeneko bideo-interpretazioko zerbitzu hau oso aplikazio ohikoa bihurtu da entzumen-galera duten pertsonen artean eta neurri handi batean entzumen-urritasuna duten pertsonen eta entzuleen arteko komunikazioa errazten du. Entzumen-arazoak dituzten pertsonei ere zuzenduta dago, eta begizta magnetikoen sistema bat ezarri da. Sistema horri esker, pertsona gorrek, audifonoak edo inplante koklearrak dauzkatenek argi eta garbi entzun ahal izango dute, sistemak beren gailuekin duen zuzeneko loturari esker, eta kanpoko zaratak ezabatuko dituzte.

Informazio-bulegoko langileek hainbat ikastaro jaso dituzte irisgarritasunaren arloko sentsibilizazioari buruz. Horrela, ezgaitasuna duten pertsonei eta beste behar batzuei erantzuteko jarraibideei buruzko beharrezko prestakuntza jaso dute, eta ezarri diren sistemen erabilera zein den hobeto ikasi dute.

Sistema horiek ezartzeko, Bilbobusek Puntodis enpresa bizkaitarraren laguntza izan du, 15 urteko esperientzia baitu oztopoak kentzeko irisgarritasunaren eta diseinu unibertsalaren arloan.

AENOR ETA SAFE TOURISM ZIURTAGIRIAK

Irisgarritasunarekin batera, segurtasuna da Udalaren autobus zerbitzuaren beste lehentasunetako bat. Bilbobus izan da Covid-19aren aurkako kudeaketa-protokoloetan AENOR ziurtagiria lortu duen Euskadiko lehen hiri-garraioko operadorea, eta bere instalazioak egokitu ditu eskaintzen dituen zerbitzu guztiak higiene- eta osasun-berme handienekin egiten direla bermatzeko. Hala, Bilbobuseko Bezeroaren Informazio Bulegoak egunero garbitzen eta desinfektatzen ditu instalazioak eta, besteak beste, nahitaezkoa da bi metroko segurtasun-tartea gordetzea, lurrean jarritako seinaleen bidez adierazten dena, eta debekatuta dago diruz ordaintzea.

Gainera, hiriko bus turistikoak, Bilbao City View-ek, ICTEk (Kalitate Turistikoaren Institutuak) emandako Safe Tourism Certified ziurtagiria lortu du, UNE 0066-17 'Autobus turistikoetan SARS-CoV-2 koronabirusak kutsatzea murrizteko neurriak' araua betetzen duela egiaztatu ondoren.