Irailean eta azaroan

BLV Art, Bilboko Kalealdia eta FANT jaialdia uda ostean ospatuko dira

16.07.2020 | 10:24
Bilboko Kalealdiaren kartela.

BILBO. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, Bilboko Udalak hainbat ekintza kultural uda ostera atzeratzea erabaki du. Hala, BLV Art jaialdia eta Bilboko Kalealdia irailean ospatu egingo dira, eta Fantasiazko Zinamaren jaialdia (FANT), aldiz, azaroan egingo da.

BLV ART

Jaialdi hau normalean ekainean egiten da baina aurten irailaren 10etik 20ra bitartean izango da.

BLV Art jaialdian Bilbo Zaharra abangoardiako jarduera eta adierazpen artistikoz betetzen da, kulturaren aldeko apustua eginez, eremu hori garatzeko eta osorik birgaitzeko elementu dinamizatzaile gisa. Antzerkia, dantza, performanceak, tailer esperimentalak eta bisita gidatuak -galeriatara eta sorkuntza guneetara- irailean egingo dira aurten Bilboko auzo honetan.

BILBOKO KALEALDIA

Bestalde, Bilboko Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia, udaren etorrera ospatzeko urtero egiten den jaialdia da. Kaleko ikuskizunen artean, dantza garaikidea, zirkua, kaleko antzerkia eta clown-ak izaten dira guztion gozagarri. Aurten, jaialdia atzeratu egin da; irailaren 22tik 27ra egingo da. Egun horietan, bilbotarrek ikusgai izango dituzte Estatuko arte eszenikoen arloko konpainia garrantzitsuenetako batzuen ikuskizunak eta baita atzerriko proposamenen bat ere, "Zeharkaldia - Zirkuko Pirinioak" proiektu europarraren barruan. Hain zuzen ere, Bilboko Udala proiektu horren parte da.

FANT

Azkenik, apirilean iragarri zen FANT Bilboko Fantasiazko Zinemaldiaren 26. edizioa nahitaez atzeratu beharra zegoela; aurtengo edizioa, hortaz, azaroaren 7tik 12ra egingo da. Jaialdiak programazioari heldu eta ikusleekin berriro elkartuko da; izan ere, urtarrilean eta otsailean, hurrenez hurren, 'Domino' eta 'Monos' filmen aurrestreinaldiak egin ziren.

noticias de deia