BILBO. 2016ko azaroan hasi zen As Fabrik proiektu europarra amaierara iristen ari da. Aste honetan zehar azkenengo administrazio kontseilua egin dute, Steering Committee izenekoa.

Hemendik aurrera, Bilboko Udalak eta bere bazkide estrategikoek -metodologia publikoaren eta pribatuaren arteko konbinazio berritzailea- gidatutako proiektuak (Bilbao Ekintza Udal Erakundea, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, MIK, Orkestra, Gaia, Idom eta Eiken) etapa berri bati ekingo diote.

Arduradunek diotenez, une honetan proiektuak "adin-nagusitasun moduko bat" lortu du baina "ez da horregatik amaituko", aitzitik, Europako Batzordearen babesetik kanpo ibiltzen hasiko da, "industriarako zerbitzu aurreratuak sortzeko fabrika bat" antolatzea helburutzat hartuta, "enpresen eta ubertsitateen, tokiko zerbitzuen hornitzaileen, zerbitzuen sektorera eta euskal industriara bideratutako ekintzaileen arteko aliantza baten bidez". Fase berri horretan, monitorizazio-urte bat egongo da, proiektuak izango duen benetako inpaktua neurtzeko eta esperientzia Europako beste hiri eta erakunde batzuekin partekatzeko.

AS FABRIK ZORROTZAURREN

As Fabriken helburu nagusia da tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzea eta garapen eta hedapenerako espazio handia den Zorrotzaurre sendotzea, 4.0 industriarako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuen esparruan erreferentziazko ekosistema berritzaile gisa. Sektore horiek garrantzi handiagoa hartzen dute orain, nazioartean Covid-19rekin jasaten ari den pandemiaren ondoren.

Ekimen honen beste ardatz nagusietako bat bere egoitza propioa da: Beta 2, Zorrotzaurren dagoen eta erabiltzen ez den eraikin publikoa, industria-iragana duena. Orain, Udala eraikinaren eraberritzea amaitzen ari da, eta Beta 1 eraikinean dagoen Digipen izeneko beste proiektu enblematiko baten ondoan dago, bideo-jokoen unibertsitatea bezala ezagutzen dena.

As Fabriken kasuan (instalazioak irailean amaituta egon behar zuten), obrek atzerapen txiki bat izango dute Covid-19k eragindako etenaldiaren ondorioz. Irekitzen denean, Mondragon Unibertsitateak Zorrotzaurrera hedatuko du bere irakaskuntza-jardueraren zati bat, unibertsitate-gradu eta -master berriekin.

ENPLEGU ESPEZIALIZATUAGOA

Azken bilera horren beste ondorioetako bat Bilbo ekonomia digitalaren garapenean espezializatutako hiri bihurtzeko erronka lortzea da, bai eta bertoko enpresak nazioarteko manufaktura-industriarako lehen mailako zerbitzuak eskaintzen dituzten hornitzaile bihurtzekoa ere, horrek lanpostu espezializatu gehiago eta start-aps berriak sortzea ekarriko baitu.

Hain zuzen ere, Bilbao As Fabrik-eko egoitzatik funtsezko lau jarduera koordinatuko dira:

Unibertsitateko ikasleei, pertsona ekintzaileei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak, 4.0 industriak ekonomia digitalean dituen erronkei aurre egiteko pentsatuak.

Eremu publiko eta pribatuko eragile edo interes-talde nagusien arteko networking-ekintzak, industria-sektorearen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko eraginkorra izango den estrategia bakar bat koordinatzeko.

Bilbon egoitza duten start-up-ak merkaturatzea sustatu eta erraztuko duten proposamenak, 4.0 industriak nazioartean kokatzeko behar duen teknologiarekin, espezializazioarekin eta adimenarekin lotutakoak.

Ideien behatoki eta laborategi bat martxan jartzea. Bertan, teknologiaren, 4.0 industriaren eta ekonomia digitalaren arloko joerak aztertuko dira, tokiko enpresek aurre egin beharreko erronkak identifikatzeko eta erronka horietarako irtenbide berritzaileak proposatzeko.

AURREKONTUA

Proiektuak 5,8 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik % 80 (4,6 milioi euro) Eskualde Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) jarri ditu. Hiri Ekintza Berritzaileen idazkaritza iraunkorrak (UIA) monitorizatu eta babestu du proiektua. Erakunde hori Europako Batzordearen mende dago, eta programa horren barruko proiektuei laguntzeko sortu zen.