BILBO. Bihar, hilak 9, osteguna, Bilboko Udaleko parte-hartze bidezko aurrekontuetarako proiektuak aurkezteko epea irekiko da. Hori onartu du gaur goizean Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak. Ekimen horren helburua bilbotarrek uria hobetzeko proiektuak eta ideiak aurkezteko aukera izatea da.

Aurreko ekitaldian legez, parte-hartze bidezko aurrekontuaren programak 2 milioi euro dauzka 2021eko udal aurrekontuetatik, onartutako proposamenak gauzatzeko.

Herritarren ekimenak aurkezteko epea bihar, uztailak 9, hasiko da, eta uztailaren 23ra arte iraungo du. Proposamenak online inprimaki batean aurkeztuko dira. Inprimakia www.bilbao.eus udal webguneko "Parte-hartze bidezko Aurrekontua" atalean dago. Proposamen bakoitzari identifikazio-kode bat emango zaio, udalaren web-orrian beraren jarraipena egin ahal izateko.

BALDINTZAK

Prozesu honetan parte hartu dezake Bilbon erroldatuta dagoen edonork, 16 urtetik gorakoa bada, baita udalaren Herritarren Partaidetzarako Entitateen Erregistroan inskribatutako edozein entitatek ere. Horiez gain, ordenamendu juridikoaren arabera pertsonalitate juridikoa duten elkarteek, fundazioek, sindikatuek, enpresa-elkarteek, lanbide-elkargoek, zuzenbide publikoko korporazioek edo bestelako entitateek ere parte hartu ahalko dute. Azken kasu bi horietan ere eskari-egileek Bilbon erroldatuta egon beharko dute eta 16 urtetik gorakoak izan.

Proposamenek garrantzitsuak eta interes orokorrekoak izan behar dute, auzo, barruti edo uriko kolektiboren batentzat zein uri osoarentzat.

Bilboko Udaleko parte-hartze bidezko aurrekontuen prozesuan aurkezten diren proposamenak Udalaren eskumeneko zein-nahi arlotakoak izan daitezke (garapen ekonomikoa, gobernu ona, gizarte arloko politikak, kultura, euskara, gazteria, kirola, segurtasuna, mugikortasuna, ingurumena, etxebizitza, garapen osasungarria, jasangarritasun eta hiri-garapenaren arloko politikak€). Proposamenak, ahal dela, barrutiak hobetzeko obren eta jarduketen eremutik kanpokoak izan behar dira.

Pertsona edo erakunde jakinentzako dirulaguntzen, sarien, laguntzen edo kontratazioen arloko proposamenik ez da onartuko, ez eta langileen gastuen arlokorik ere.

FASEAK

Abuztuaren 17an, jasotako proposamen guztiak argitaratuko dira, iraingarriak edo baztertzaileak direnak alde batera utzi ondoren.

Egun horretatik aurrera, Gobernu Batzordeak Udalaren Aurrekontuen Proiektua onartu arte, udaleko sailek proposamenen edukiak aztertuko dituzte, besteak beste, ikusmolde juridiko eta teknikotik, eta bakoitzaren kalkulu ekonomikoa egingo dute.

Proiektuek ezin izango dute 500.000 euroko zenbatekoa gainditu, herritarrek aurkeztutako proposamenetatik ahalik eta gehien gauzatu ahal izateko.

Legezkoak eta teknikoki bideragarriak diren proposamenak lehentasun-fasera pasatuko dira. Hor garrantzitsuenak aukeratuko dira, 2021eko Udal Aurrekontuen Proiektuan jasota geratzeko.

Aurrekontuen proiektuan jasota geratu diren proposamenak eta jaso barik geratu direnak udalaren webgunean argitaratuko dira.