BILBO. Bilboko Udalak 129.000 euroko aurrekontua bideratuko du kulturaren sektorea sustatzeko. Laguntza horri esker 38 kultur jarduera eta proiektu eraman ahal izango dira aurrera Bilbon.

Diru-laguntza hauek Bilboko Udalak hilabeteokaz kulturarako eta kultur eragileentzako abian jarritako hamar neurrien artean daude, eta haien bidez Uriko kultur sareari lagundu eta bultzada bat eman nahi zaio. Hamar neurriok, guztira 1.328.000 euroz hornituak, #BilbaoAurrera planaren barruan datoz jasota; hain zuzen, plan horrek, 15 milioi euroko inbertsioa eginez eta 50 neurri ezarriz, Covid-19 gaitzaren krisi sanitarioak Uriko pertsonei eta enpresei eragindako ondorioak arindu nahi ditu, pertsonak eta enpresak suspertu eta oneratzen lagunduz.

KULTURAREN SEKTORERAKO NEURRIAK

Bilboko Udala #BilbaoAurrera planaren barruan kulturaren sektoreari laguntzeko egikaritzen ari den neurriak hauek dira: gaur 38 jarduera diruztatzea onetsi du, baina, gainera, Udalak beste 500.000 euro bideratuko ditu Kultur Bonuak: Bilbao Ekintza udal sozietatearekin elkarlanean bideratuko dituen bonuak hainbat eratakoak izango dira, eta, haien ostean, kontsumo-bonuak banatuko dira beste sektore batzuetarako, hala nola merkataritza, ostalaritza eta jatetxeak eta turismoa.

Gainera, ekaineko Udalbatzarrean onetsi zenez, bi deialdi izango dira "Artistak koronabirusaren aurka" proiektuaren barruan, zeina 100.000 euroz baitago hornituta: Udalak, Bizkaiko artearen sektorea laguntzearren, baliabideak eskainiko ditu kultur ekoizpenerako, eta, horretarako, testu kritikoetarako deialdi bat eta egungo egoeran sortutako artelanen eta bitartekaritzako esku-hartzeen erakusketa handi bat antolatu ditu.

Beste alde batetik, Udalak, neurri sorta bat onetsi zuen iragan ekainean, 211.145 euroz hornitua, Kultur Proiektuen Poltsa bat sortzeko, alegia, 2020an zehar Uriko programazioan sartuko diren kultur proiektuen poltsa bat. Udalak 20 proposamen hautatuko ditu, Bilboko kultur eta sorkuntza arloko profesionalek eta entitateek aurkeztutakoen artean, sektorea dinamizatzearren eta Covid-19ak Uriko kultur eragileei eragindako kalteak leuntzen laguntzearren. Proiektuak 2020ko uztailaren 30era arte aurkeztu ahalko dira.

Bilboko Udala, bitartean, lanean ari da oraindik ere, Covid-19a dela-eta gauzatu ezin izan ziren kultur jarduerak birprogramatzearren, eta data berriak ari da bilatzen, Udalak antolatzen dituen jaialdiak eta programak uda ostean egin ahal izan daitezen.

Alde horretatik, beraz, Udalak indartu egin du udaleko kultur ekipamenduek tokiko kultur eragileekin daukaten konpromisoa, eta, horretara, esaterako, birdiseinatu egin du Arriaga Antzokiko programazioa, tokiko sorkuntza sarea sustatzeko.

Datozen asteotan abiaraziko diren neurrien artean daude espazio publikoan gauzatzekoak diren jarduerak sustatzea, Bilboko auzoetan bizia eta dinamismoa eragiten duten kultur eta sormen industriekin lotura dutenak (300.000 euro izendatu dira horretarako), eta, gainera, laguntza berezi bat, 28.000 eurokoa, Harrobia Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroarentzat.

Era berean, proposatzen da beste jarduera batzuk ere onestea, bakoitza 100.000 euroz diruztatuz: alde batetik, barruan egitekoak diren formatu txikiko jarduerak, tokiko kultur merkataritza sustatzearren, eta, bestetik, Uria sustatzen duten ikus-entzunezkoen funts bat sortzea, ikus-entzunezkoen produkzioari laguntzearren.

#BilbaoAurrera planaren barruko neurri sorta horrekin, Bilboko Udalak babestu eta nabarmendu egin nahi ditu kultur eragileen zeregin funtsezkoa, haien lana eta Uriko kultur biziari egiten dioten ekarpena.