BILBO. Hasi berria den aurtengo uda berezia izango da. Koronabirusak eragindako egoerak hainbat ohitura aldatuko dizkigu. Horregatik, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo sailak aholku-dekalogo bat prestatu du, aurtengo uda honetaz modu seguru eta osasungarrian gozatu ahal izateko.

Horregatik, gogorarazten dute uda-sasoia ezin dela aitzakia izan koronabirusak eragindako kutsadurak prebenitzeko beharrezko neurriak alde batera uzteko. Uda honetan bidaiatuko duten zein hirian geldituko diren pertsonei gomendatzen zaie bete ditzatela osasun-agintariek gomendatutako prebentzio-neurriak, era horretan kutsatzeko arriskua murrizteko. Hauexek dira aipagarrienak:

  • Metro eta erdiko segurtasun-distantzia fisikoa mantentzea eta, ahal den neurrian, jende-pilaketak saihestea.
  • Eskuak sarri garbitzea, urez eta xaboiez, batez ere komunera joan ondoren, jan edo jakiak manipulatu aurretik, doministiku edo eztula egin ondoren edo, oro har, eskuak zikinak ditugun aldiro.
  • Garraiobideetan, derrigorrezkoa da maskara erabiltzea, baina baita bide publikoan, aire zabaleko espazioetan eta edozein espazio itxitan ere, ezin denean pertsonen artean metro eta erdiko segurtasun-distantzia mantendu.
  • Saihestu begiak, sudurra eta ahoa ukitzea.
  • Estali ahoa eta sudurra ukalondoarekin edo zapi batekin, eztula edo doministiku egiterakoan. Bota berehala zapia, eta garbitu eskuak alkoholdun desinfektatzaile batekin, edo urez eta xaboiez.
  • Gainera, udan joan-etorri gehiago egiten dugunez, gomendagarria da, segurtasun-neurriei dagokienez, arreta handiz jokatzea gure bidaietan, babes-elementuak ahaztu gabe -maskarak kasu- eta, ahal den neurrian, bidaiarien arteko distantzia mantenduz.

Oporraldia igarotzera gure ohiko bizilekutik kanpora joaten garenean, garrantzitsua da erreserbak aldez aurretik egitea; era horretan, ziur egongo gara ostatua aukeratu dugun denbora-aldian erabilgarri egongo dela. Halaber, kontsumitzaileei gomendatzen zaie aldez aurretik informa daitezela oporretarako aukeratutako ostatuetan Covid-19 gaitzarekin lotuta ezarri dituzten protokoloei buruz.