BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak uriko kirola sustatzen duten ekimenetarako eta programetarako bideratutako dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du. Uztailaren 15eko 14:00ak arte egin ahal izango dira eskaerak. Aurten, 562.300 euro bideratuko dira laguntza horietara.

Aurreko urteetan egin den moduan, kiroletako dirulaguntza horiek sei jarduera-lerrotan banatuko dira:

Lehenengo jardun-lerroa kiroletarako da, oro har, baina baditu xede berezi batzuk: gutxiengoen kirola, futbola (7, 9 eta 11ren artekoa kanpoko zelaietan) eta joan etorriak. Kirol-erakundeen gizarte- eta federazio-funtzioa eta joan-etorriak garatzeko dirulaguntza da. Arlo horretan 133.990 euro inbertituko dira.

Dirulaguntzaren bigarren lerroa Bilbon gauzatzekoak diren kirol-programen garapena da, hartara guztiek parte hartzeko moduko kirola sustatzearren, kirola egin dadin era osasungarri, jostagarri, integratzaile eta jarraituan. Programa diruz laguntzeko 16.000 euro erabiliko dira.

Hirugarren jardun-lerroaren xedea da kirol ekitaldi puntualak garatzen laguntzea, kirola bultzatuz eta aldi berean uria sustatuz, eta 42.910 euro izendatu dira horretarako.

Laugarren jardun-lerroaren xedea da emakumeen kirola sustatzea eta emakumeek kirolaren arlo guztietan parte har dezaten bultzatzea, eta, orobat, ikusgai jartzea neskatoek eta emakumeek egiten duten kirola. Horretarako, 87.300 euro izendatu dira.

Bestalde, kirol egokitua bultzatzea eta kirola desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko tresna gisa sustatzea Bilboko Udalaren politiken ardatz estrategiko bat dira. Abiaburua hori delarik, kirolaren arloko diru-laguntzen bostgarren lerroaren xedea Bilboko kirol egokitua da. Bilboko Udalak 23.100 euro izendatuko ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonek eratutako talde edo klubetarako eta dibertsitate funtzionaleko banakako kirolarientzat, edo osoki dibertsitate funtzionala duten pertsonen gorputz-jarduera indartzeko diren kirol-programak garatzen dituzten pertsonentzat edo gizartearen sektore horretarako kirol ekitaldiak garatzen dituzten pertsonentzat.

Jardun-lerroen arteko azkena, berriz, klubekiko hitzarmenen eta diru-laguntza izendunen arloan kokatzen da, eta 259.000 euro izendatu dira horretarako. Atal honetan sartzen dira Bilboko Udalak hainbat talderekin egiten dituen hitzarmenak, hala nola Bidaideak BSR Bilbao, Santutxu Atletismoa, San Inazio Beisbola, Deustu Arraunketa, Bizkaiko Eskuopilota Federakuntza, Metropolitano Irristaketa Kluba, Unibertsitateko Rugby Club eta Bilbo Futbol Sala Kluba.

ESKAERAK IZAPIDETZEA

Dirulaguntza hauetarako inprimakiak Bilbao Kirolak erakundearen webgunean jaits daitezke, www.bilbaokirolak.eus. Eskabideak izapidetzeko, mezu elektroniko bat igorri behar da promocion@kirolak.bilbao.eus helbidera, edo Bilbao Kirolak erakundearen egoitza nagusian aurkeztu (Nafarroa kalea 5, 4. solairua).