BILBO. Koronabirusak eragindako krisialdiak gizarte desberdintasunak areagotu ez ditzan, Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak etxebizitzetako obretarako dirulaguntzak emateko ezohiko programa jarri du martxan. Surbisaren laguntzarekin sustatutako Bilboko Etxebizitzak Berritzeko Renove Plana deritzon honek bi helburu nagusi ditu.

Alde batetik, gizarte kohesioa sustatu nahi du, auzo kalteberetan bizi diren pertsonei dirulaguntzak emanez beren etxebizitzen barruan obrak egin ditzaten kalitatea eta erosotasuna hobetzeko eta ingurumen-neurrietan ere hobetzeko. Bestetik, eraberritzeen eta obren sektoreko enpresen, gremioen, autonomoen eta profesionalen jarduera sustatu nahi du, sektore horretako enpleguei eustearren edo berriak sortzearren, ahalik eta lasterrena eta deslokalizazioa saihestuz, eta, aldi berean, materialen eta instalazioen industria jarduerari eraginez.

Asmo horrekin, Surbisaren Administrazio Kontseiluak laguntza horiek arautzen dituzten oinarriak onetsi ditu; aurtengo urriaren 30era arte eskatu ahal izango dira laguntzak. Eskatzaileek, hala, aukera izango dute beren etxebizitzak barrutik birgaitzeko obrak finantzatzeko, gehienez ere babestuko den aurrekontua 6.000 euro izango delarik (eta gutxienez, 1000 euro) eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntza baten bidez inbertsioaren % 20 diruztatuz, gehienez ere, etxebizitzako, 1.200 euro emango direlarik. Auzo kalteberenetan bizi diren familiek egiten dituzten obrei emango zaie lehentasuna. Bilboko 30 auzotan kokatutako etxebizitzen titularrak izan ahalko dira dirulaguntzen onuradun. 2020ko aurrekontua, programa horretarako, 500.000 euro izango da.

Diru-laguntzak eskatzeko, hona bideak:

  • www.bilbao.eus: web orrialde bat jarri da eskura, eskabideak aurkezteko epea hastearekin batera.
  • Surbisaren bulegoetan (Erronda kalea, 6), aldez aurretik hitzordua eskatuta telefonoz (94 415 99 55) edo mezu bat igorriz helbide elektroniko honetara: surbisa@surb.bilbao.eus
  • Posta elektroniko bidez, surbisa@surb.bilbao.eus helbidean.

Ekimen hau Bilboko Udalaren Bilbao Aurrera Planaren barruan dago, alegia, pandemiaren aurrean gizarte kohesioa eragiteko eta urian ekonomia, enplegua eta kultura suspertzeko neurri urgenteen planaren barruan. Planaren aurrekontua 15 milioi eurokoa da, salbuespenezko 50 neurri inguru diruztatzeko; neurriak aurten bertan ezarriko dira, guztiak.