BILBO. Hurrengo ostiralean, hilak 12, Amaia Miranda kantautoreak eta Verde Pratok musika-kontzertua eskainiko dute Bilborocken berrirekieraren lehenengo ekitaldian. Kontzertua Musika Lokala programaren barruan dago.

Bilboko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Bilborocken ekainerako, uztailerako, abuzturako eta irailerako, gazteak protagonista direla eta eurentzat. #BilbaoUda2020 ekimenaren baitan antolatutako jarduerak dira, Bilboko Udalak modu koordinatuan landutakoak, uda honetan urian, besteak beste, kirol, kultura eta musika jarduerak izan daitezen.

GAZTEENTZAKO UDAKO AGENDA BILBOROCKEN

Ekainaren 12an, 20:00etan hasita, sarrera librea leku guztiak bete arte. Musika Lokala udal programak Bilborock-eko eszenatokira igotzeko aukera eman die Amaia Arandari eta Verde Pratori.

Amaia Miranda gitarrista, konpositore, idazle eta argazkilaria da.

Verde Prato teklatu batekin, looper batekin eta batez ere ahotsarekin esperimentatzen duen proiektua da.

Ekainaren 18an, eguena, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era, #BilbaoYouWeek lehiaketaren bosgarren edizioa egingo da, COVID-19 osasun-krisiagatik atzeratu behar izan zena. Kasu honetan, ateak itxita egingo da eta streaming bidez eskainiko da BilbaoGazte-ren youtubeko kanalean.

Uztailaren 2an, eguena, 19:00etatik 21:30era, sarrera librea leku guztiak bete arte. Imaginautak elkartea arte arteko kultur mugimendua da, era guztietako sorkuntza artistikoetarako topagune izan nahi duena: literatura, dantza, pintura, musika diseinua, besteak beste. Kontzertuak, musikoterapia, film laburrak, poesia, ilustrazioa eta zuzeneko tatuajea izango dira.

Uztailaren 4an, zapatua, 20:00etatik aurrera Wicked Wizzard talde gonbidatua, Entropia laukote gazteiztarraren musika eta Wreck Totem hirukote bilbotarraren rock stonerra izango ditugu. Hiru kontzertu horiek Musika Lokala programaren barruan egingo dira. Gonbidapenak Wicked Wizzarden Facebook eta Instagram bidez banatuko dira.

Uztailaren 24an, barikua, 19:00etatik 23:00etara, sarrera librea leku guztiak bete arte. Bilborock Distart Festival egingo da. Lau neska bilbotarrek egindako jaialdi artistiko bat, emakume artista gazteek hainbat diziplina artistikotako esku-hartzeekin: DJ, makillajea, argazkigintza, pintura, poesia eta tatuajea. Koronabirusak eragindako konfinamendu-garaian sortu zen proiektu hau.

Abuztuaren 7an, barikua, NIZE sarrera librea leku guztiak bete arte, hirukoteak joko du Bilborock aretoan: Andrea (gitarra eta ahotsa), Intza (bateria) eta Niko (baxua) dira.

Irailaren 18an, barikua, sarrera librea leku guztiak bete arte Douleurdolor, Gomez Selava eta Mahoken musika esperimentazio proiektua, eta Jaguabilly arituko dira Bilborocken.

Informazio gehiago honekin batera doan dosierrean eta "Bilbao Gazte"ren webgunean eta sare sozialetan.

OSASUN-SEGURTASUNEKO NEURRIAK

Une oro, segurtasun- eta higiene-arauak errespetatuko dira Bilborock-eko ekipamendu osoan.

Bertaratutakoek eserita egon beharko dute, eta gehienez, 80 lagunentzako tokia egongo da. Oraingoz, entsegu-gelak itxita egongo dira.

Ekipamenduaren barruan, maskara erabiltzea nahitaezkoa da bertaratzen diren guztientzat, artistentzat eta Bilborockeko langileentzat. Agertokian dauden pertsonek maskararik erabiltzen ez badute, haien artean 2 metroko tartea utzi beharko dute, eta ondorioz, agertokian, gehienez ere, 5 pertsona egon ahal izango dira.

Neurri horrekin batera, debekuak, gomendioak eta sarreren nahiz irteeren fluxuak zehazten dituzten informazio-kartelak jarri dituzte. Gel hidroalkoholikoaren banagailuak jarri dira sarrerako atarian, kamerinoetan eta soinu nahiz eta argiztapeneko talde teknikoen eremuan. Bertaratutakoek komunak erabili ahal izango dituzte, baina gehienez pertsona bat egon ahal izango da. Laguntza behar duten pertsonen kasuan, laguntzailearekin sartzen utziko diete.

Garbiketa-lanak areagotu egin dira gela guzti-guztietan, gainazalei arreta berezia emanez, batez ere maizen ukitzen diren leiho edo ateen heldulekuei, aulkiei eta antzekoei. Gainera, airearen berezko zein behartutako berritze-prozesua areagotu da. Barra zerbitzua itxita dago.