BILBAO. Aurreko ostiralean, martxoak 27, Bilboko Udalak autonomo, mikroETE, enpresa eta saltokiei bideratutako aholkularitza zerbitzua jarri zuen martxan Bilbao Ekintzaren bidez. Orduz geroztik, 510 eskaera jaso ditu plataformak, koronabirusak hainbat eta hainbat negozioetan eragin ditzakeen kalteei buruzko zalantzekin.

Webguneko esteka honen bitartez jasotako eskaera guztien artean, % 40,5ek erabil ditzakeen laguntza-ildoen gaineko aholkularitza eskatu du, % 24,5ek kontu ekonomikoen gainekoa, % 23,3k zergei buruzkoa eta % 11,8k lan-kontuen ingurukoa. Kontsulta gehienak Alde Zaharretik, Abandotik, Indautxutik eta Deustutik bidali dituzte.

Udal aholkularitza zerbitzu hau gehien erabiltzen duten jarduera-sektoreen artean daude ostalaritza eta sukaldaritza, ehungintza eta zapatak, osasuna eta estetika, turismoa, aisialdia eta kirola.

Zerbitzua abiarazi zenetik, Bilbao Ekintzako profesionalen sareak eskaeren % 97,3ri erantzun dio 1,4 eguneko batez besteko epean. Zerbitzua erabilgarri dago, eta negozio guztien premiei egokitutako aholkularitza eguneratu eta pertsonalizatua eskaintzen jarraitzen du.

"ANIMO BILBAO AURRERA"

Bilboko Udalak animoz betetako mezua helarazi nahi die herritarrei, eta horretarako, "Animo Bilbao aurrera" mezua duen pankarta erraldoia jarriko du Udaletxean. Bihar 12:00etatik aurrera, balkoi nagusian izango da ikusgai hiri osoa positibotasunez bete nahi duen lema hori, COVID-19 birusak eragindako osasun-krisiaren unerik latzenetan.

Ekimen hau bat dator Juan Mari Aburto Alkateak sare sozialetan argitaratutako bideo batean egin dituen adierazpenekin, izan ere, bertan zioenez, "aste hauetan oso garrantzitsua da animoa ez galtzea, eta honetan ere eredugarriak zarete guztiok". Jarraian, itxaropenez betetako mezu hau gaineratu zuen: "ziur nago berandu baino lehen amesgaizto honetatik aterako garela, lehen baino batuago eta sendoago. Harro nago zuetaz, Bilboz, gure botxo maiteaz. Bilbo aurrera aterako da. Elkarren artean lortuko dugu".

Era berean, herritarrek iluntzean egin ohi duten txalo zaparradekin bat eginez, Udaletxea urdinez argiztatzen da egunero, osasun-arloko eta arlo sozio-sanitarioko profesionalen lana nahiz osasun-larrialdi honetan atsedenik gabe lan egiten ari diren pertsona guztien ahalegina aldarrikatzeko.

Udalak Hiria positibotasunez betetzeko asmoz abiarazi ditu ekintza horiek guztiak: "bilbotar guzti-guztiok pozaren eta itxaropenaren eramaileak izatea lortu nahi dugu".