BILBO. Koronabirusak eragindako konfinamendu garai honetan, aisi-aukerak zeharo murriztu egin dira. Jendea etxetik atera ezin denez, bertan behera geratu behar izan dira hainbat eta hainbat ekintza, eta beste askok buelta eman behar izan diote euren programazioari. Nahiz eta etxetik izan, gazteek ondo pasa dezaten, Bilboko Udalak #GazteKlubaEtxean izeneko programa jarri du martxan.

Programa 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, aisialdiko hainbat erronka eta probatan parte har dezaten. Proba horiek, entretenitzeaz eta dibertitzeaz gain, bizitza osasuntsuaren balioak eta ohiturak irakastea dute helburu.

Gainera, berezko talentu musikala erakutsi nahi duenak jarduera-programaren barruan antolatutako bideo-castingaren deialdira aurkezteko aukera izango du.

PROBAK ETA ERRONKAK

#GazteKlubaEtxean programak astean hainbat proba gainditzeko erronka jarriko die bilbotar gazteei. Kirol, musika, zientzia zein umore arloetako erronkei esker, zer gozatua izango dute etxean eman beharreko denbora honetan.

Parte hartzeko Instagrameko @gaztekluba profila jarraitu behar da, besterik ez. Erronka bakoitzak 48 orduko epea izango du parte hartzeko, eta parte-hartzaile guztien artean hainbat aisialdi-plan zozkatuko dira, egungo alerta-egoera gainditutakoan gozatzeko.

BIDEO-CASTINGA

Gainera, bideo-casting lehiaketa bat ere antolatu da, musika-talentuak erakartzeko helburuarekin. Parte hartu nahi duten gazteek bideoak gazteklubabilbao@bilbao.eus helbidera bidal edo Instagrameko @gaztekluba profilean etiketa ditzakete.

Aukeratutako guztiak #GazteKluba profilean argitaratuko dira eta Bilboko Udalak antolatutako etorkizuneko ekitaldietan parte hartzeko aukera izango dute.

GAZTEKLUBA INSTAGRAMEN

@gaztekluba

#gazteklubaetxean