BILBO. Koronabirusak eragiten ari den osasun-krisiaren ondorioak aurrez-aurre borrokatzeko helburuarekin, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAk arrisku-plan bat jarri du martxan. Plan horrek lau abiapuntu nagusi ditu: herritar eta hornitzaileekiko harreman juridikoen segurtasuna bermatzea, egoitza-zaurgarritasun egoerei aurre egitea, ezohiko egoera honen eragin ekonomiko eta sozialak minimizatzea eta erakundearen giza baliabideen lan-arriskuen prebentzioa ziurtatzea.

Planak jarduketak aurreikusten ditu udal-etxebizitzen errenten ordainketaren eraginak arintzeko. Alde horretatik, nahiz eta ordainagiriak ohiko moduan bidaliko diren, zorra barkatuko zaie, kasu bakoitza berrikusi ostean, udal-etxebizitzetako errentariei, baldin eta krisiaren ondorioz ordainagiriak itzultzen badituzte ordaintzeko ezintasunagatik.

Udal-jabetzako erabilera komertzialeko lokalei dagokienez, eten egingo da lokal horien errentaren ordainketa agintariek establezimendu komertzialentzat eman duten itxiera-aginduak irauten duen bitartean.

Bestalde, nahitaezko konfinamendu-egoerak dirauen bitartean, eten egingo dira errenta ez ordaintzeagatiko etxegabetzeak, kontratuen iraungipenak eta gainerako ekintzak. Esleipen-espediente berrien izapideak ere etengo dira, premiazko beharrei erantzutekoak izan ezik.

Osasun-alarmaren egoerak irauten duen bitartean, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAk erabilgarri edukiko ditu funtsezko zerbitzuak, hala nola konfinamendua bermatzeko premiazko konponketak, egoitza-larrialdiei erantzuteko esku-hartze sozio-komunitarioko zerbitzuak eta arreta telefoniko eta telematikoa. 944132400 telefono-zenbakian, viviendas@vvmm.bilbao.eus helbide elektronikoan edo erakundearen webguneko “nire kudeaketak” atalean.