BILBO. Hurrengo igandean, martxoak 8, eguerdiko 12:30etan, RETAbet Bilbao Basketek A Coruñako Obradoiro Cab taldearen aurka jokatuko du Bilbao Arenako kantxan. Hori dela eta, Bilboko Udalak, beti egin ohi duen moduan, 'men in black-en' zaleen artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko asmoz, Bilbobusen zerbitzu berezia eskainiko du, Plaza Biribilaren ingurutik Miribillarako linea indartuz.

Horrela, bada, igandean, E7 linea 10 minututik 10 minutura irtengo da Plaza Biribilaren ingurutik Bilbao Arenara, partidua hasi baino ordubete lehenago hasita. Partidua amaitzean, bestalde, autobusak Bilbao Arenatik (Askatasuna/Parkea) abiatuko dira Plaza Biribileraino, Erriberako Merkatutik eta Areatzako zubitik igarota. Zerbitzu hori ere 10 minututik 10 minutura emango da geralekuan jendea geratzen den bitartean.

Beste alde batetik, erabiltzaileak hiriko beste alderdi batzuetara garraiatzeko zerbitzua bizkorrago emateko, 30, 71, 75 eta 76 autobus-lineek beren ibilbidea aldatuko dute partiduaren ondorengo minutuetan, Askatasuna/Parkean geraldi bat egingo baitute.

Bilbobus ez da garraio publikoaren aukera bakarra. Horregatik, Bilboko Udalak gogorarazten du Bilbao Arenatik 500 metroko inguruan badirela metro-, tren- edo tranbia-geralekuak, hiriko auzo guztiekin eta hurbileko herriekin konektatuta daudenak. Gainera, taxi-geraleku bat ere jarri da Askatasuna etorbideko 11 zenbakian.

Informazio gehiago eskura daiteke geralekuan, 010 informazio-telefonora deituz edo udal-webgunean: www.bilbao.eus/bilbobus.