BILBO. Iralako Eskurtze BHI institutuak Bilboko Udalak emandako 'Bilbo Iparra-Hegoa, Eskola Solidarioak' saria jaso du. Aurtengoa sari honen IX. edizioa izan da, eta udaletxeko Arabiar Aretoan egin da banaketa.

Bilboko Udalak "Bilbo Iparra-Hegoa, Eskola Solidarioak" IX. Saria eman du Arabiar Aretoan. Aurtengo irabazlea Eskurtze BHI institutua izan da. Iralako ikastetxe honek 40 urteko ibilbidea betetzen du aurten eta edizio hau irabazi du eskolan hezkuntzako jarduera solidarioak sustatu dituelako. Sariketa honek balioetan hezteko konpromisoa duten ikastetxeen ekimena aitortzen du, batik bat elkartasunaren, kultura-artekotasunaren eta giza eskubideen defentsaren alorretan. Horrela, bada, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak adierazi du garapenerako hezkuntza lehentasuneko lerroa dela Bilboko Udalaren Garapenaren Lankidetzarako III. Gida-planean.

"BILBO IPARRA-HEGOA, ESKOLA SOLIDARIOAK" SARIA

"Bilbao Iparra-Hegoa, Eskola Solidarioak" sariaren helburua da iparra eta hegoaren arteko arraila gainditzen laguntzeko eta beste herri edo/eta kultura batzuekin mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzen laguntzeko jarduerak egiten ari diren Bilboko ikastetxeen lana saritzea eta publikoki aintzatestea. Hain zuzen ere, garapenerako eta sentsibilizaziorako hezkuntzaren esparruan Bilboko Udalak finantzatutako proiektuen baldintzetako bat da proiektu horiek balioetan hezteko proposamen gisa ulertzea, desberdintasunak sortzen dituzten kausak ulertzeko prestakuntza eman diezaieten pertsonei, eta aldaketaren alde egin dezatela, giza eskubideak errespetatzen dituen mundu bat lortzeko.

JARRERA SOLIDARIOAK SUSTATZEKO PROIEKTUA

Irala auzoan dagoen Eskurtze BHI ikastetxeak irabazi du "Bilbo Iparra-Hegoa, Eskola Solidarioak" IX. Saria. Bilboko eskola publikoa denez gero, bere identitateak kultura-aniztasuna ulertzen du eta badaki horretaz baliatu behar dela eskola aberasgarriagoa eraikitzeko. Horrela, proiektuaren helburu nagusia horixe izan da: eskola aberasgarriagoa eta solidarioagoa eraikitzea.

Nabarmentzekoa da eskolarekin lan egiten duten aktoreen, auzoko eta Bilboko elkarteen aniztasuna: Berdinak Gara (Iralako GKE), Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bakerako Lankidetza Batzordea, Lumaltik Herriak, Iralako Auzokideen Elkartea, I.C.I. eta Gazteleku. Udalaren Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailarekin ere modu aktiboan aritzen dira lankidetzan, zehazki kultura arteko esku-hartze komunitarioko proiektuan eta zurrumurruen aurkako sarean.

Eskurtze Institutuak aurkeztutako proiektuaren helburu nagusia eskola solidarioagoa eta aberasgarriagoa eraikitzea da, eskola publikoaren eta, kasu honetan zehazki, Eskurtze BHIren nortasunaren zati garrantzitsua den kultura-aniztasun handia kontuan hartuta.

Proiektu horren bidez, Eskurtze BHIk erakutsi eta baloratu nahi izan du nola lantzen duten kulturartekotasunaren, giza eskubideen errespetuaren eta elkartasunaren sustapenaren arloko sentsibilizazioa, eskola-komunitate osoa den aldetik. Horretarako, proiektuan zehazten diren hainbat jarduera antolatzen dituzte ikasturtean zehar, auzoko eta hiriko hainbat gizarte erakunderekin koordinatuta, hala nola gizarte mugimenduak, garapenerako GKEak, erakundeak, eta Bilboko Udalaren Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saila bera.

Epaimahaiaren ustez, proiektua interes handikoa da, ikastetxeko ikasleen artean jarrera solidarioak sustatzeko jarduera ugari egiten dituztelako eta auzoko eta hiriko beste gizarte-eragile eta erakunde batzuekin koordinazio handia dutelako. Bizikidetzak eta komunitate-garapenak elementu kohesionatzaile gisa duten balioan eragiten dute, eta eskola-komunitatea ez ezik, auzoa ere inplikatzen dute.

Aurkeztutako proiektua ez da ekintza isolatua; izan ere, ikastetxearen Gizartearen Eraldaketarako Hezkuntzaren ibilbideren barruan dago eta 2018an sari bat lortu zuen Bilboko Udalaren Gazteria Saileko Balioak Martxan sariketan.

Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea eta auzoko erakundeekin koordinatzea ere modu positiboan baloratu da.

"BILBO IPARRA-HEGOA, ESKOLA SOLIDARIOAK" SARIAREN HELBURUAK

Itziar Urtasun zinegotziak nabarmendu du garapenerako hezkuntza Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzarako III. Gida-planaren lehentasunezko ildoa dela eta Sailak urtero ematen duen sariaren helburuak gogorarazi ditu:

  • Balioetan hezteko konpromisoa duten ikastetxeen ekimena aitortzea, batik bat elkartasunaren, kultura-artekotasunaren eta giza eskubideen defentsaren alorretan.
  • Eskoletan hezkuntza-jarduera solidarioen garapena sustatzea.
  • Haurren eta gazteen prestakuntzan laguntzea, herritar txiroenen egoera ezagutu dezaten eta gizarte bidezkoagoa eraikitzeko konpromisoa har dezaten, bai atzerrian, bai udalerrian.
  • Parte-hartzearen, elkartasunaren eta herritarren konpromisoaren kultura sendotzea eta zabaltzea.
  • Ikastetxeari saritutako jarduera mantentzen laguntzea.

Ildo horretan, Lankidetzarako III. Gida-plana garatuko da. 2020. urtera arte egongo da indarrean, eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) nazioarteko esparru berriarekin ahalik eta gehien lerrokatzea sustatu nahi du; izan ere, "Iparraldeko hezkuntza eta sentsibilizazioa", GJHen inguruko herritar aktiboa, kritikoa eta konprometitua sortzeko xedeetako bat da.

Orain arte, 2011. urteaz geroztik, ikastetxe hauek saritu dira:

2011: Santutxuko Luis Briñas LHI

2012: Deustuko Botikazar BHI

2013: Eskolapioak

2014: Otxarkoaga heziketa-zentroa

2015: García Rivero ikastetxea

2016: J.M Sánchez Marcos ikastetxea

2017: Miribilla HLHI

2018: Santutxuko Luis Briñas LHI