BILBO. Atzo arratsaldean, Bilboko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin zeukan aliantza urte batez berritu egin zuen turismoaren sektorearekin urtero egiten duten topaketan. Bertan, turismoaren industriako 300 profesional inguru hartu zuten parte.

Ainara Basurkok eta Xabier Ochandianok sektore profesionalarekin eskuz esku lanean jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute eta adierazi dute 2020a Bilbao Bizkaiaren etorkizuneko estrategiaren inguruan hausnartzeko urte garrantzitsua dela. Ildo horretatik 6 erronka nabarmendu dira turismo-eremutik ere tokiko arazoei eta errealitate globalei aurre egiteko: garapen jasangarria; lankidetza eta gobernantza-eredu adimendunak; digitalizazioa eta garapen teknologikoa; berrikuntza eta negozio-eredu berriak; marketina eta kontsumo-eredu berriak, eta turismoaren kudeaketa lurralde-mailan.

2019KO MUGARRIAK

Ainara Basurkok iazko mugarri nagusiak xehatu ditu. Hala, 2019an 1.615.917 turista etorri dira, hau da, aurreko urtean baino % 3,9 gehiago, eta 2.000 milioi euro turismo-inpaktuari (gastua) dagokionez. Diputatuak nabarmendu duenez iaz, berriz ere, hazkunde horren buruan atzerriko bidaiariak egon dira, eta lurraldeko eskualdeetan ostatu hartzea erabakitzen dutenen kopurua ere % 5 hazi da, 557.255 sarreraraino.

Iaz, halaber, aurrerapenak gertatu dira konektibitatearen arloan eta Loiuko aireportuak 6 destino berri eta 158.730 plaza berri ditu. Gainera, gora egin du Bilboko eta Bizkaiko turismo webguneetara egindako bisiten kopuruak, 1.800.000 bisita baino gehiago izan baitira.

KANPO-SUSTAPENA, ARRAKASTAREN EREDU

Datozen hilabeteetan ere eskaintza berriak eta destinoko produktuak lantzen jarraituko dutela aurreratu du Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak. Eta iragarri du Bilbao Bizkaia markaren kanpoko turismoa sustatzeko egutegiak aisia sustatzeko 30 ekintza, MICE (Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions) sektoreari zuzendutako 14 ekintza eta 10 kanpaina digital aurreikusi dituela. Xabier Ochandianok azaldu duenez beste urte batez hurbileko merkatuei eusteko apustua egingo da (Estatua eta Frantziako hegoaldea), lehentasunezkoetan hazten jarraituko da (Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Italia, Estatu Batuak eta Herbehereak) eta balio bereziko merkatuetara irekiko gara (Europako iparraldea, Portugal, Japonia eta Latinoamerika). Horrela, aurten Bilbao Bizkaia Japonian izango berriro ere, Osaka hirian alegia, baita Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldean eta Mexikon ere.

MICE (Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions) sektoreari dagokionez, 2020ko egutegian bildutako 14 hitzorduen artean, berariaz nabarmendu behar dira IMEX Europa eta IMEX Estatu Batuak eta Bartzelonako IBTM World, horietan biltzen baitira Europa, Estatu Batuak, Kanada eta nazioarteko erosleak, bai elkarte mailako merkatuko MICE antolatzaileen segmenturako zein merkatu korporatiboaren segmenturako. Era berean, beste 11 jardunalditan parte hartuko da, BENELUX, Frantzia, Suitza eta Italiako sustapena lantzeko.

Oso argi dago kanpo-sustapeneko egutegia tresna garrantzitsua dela sektore profesionalerako; iaz 409 profesional joan ziren Udalak eta Aldundiak Tokion, New Yorken, Parisen, Rotterdamen, Dublinen, Munichen, Zurichen eta Lisboan antolatu zituzten workshopetara. Horrez gain, 11 herrialdetako 87 tour-operadore eta agentzia espezializatuk Bilbao Bizkaia bisitatu dute euren merkatuetan eskaintzen duten produktua sakontzeko eta hobetzeko.