BILBO. Bilboko Udalak eta Gogora Institutoak II. Errepublikan eta Gerra Zibilean bizi izan ziren emakume ekintzaile guztiak omendu zituzten atzo arratsaldean, non bi garai horietan jokatu zuten zereginagatik euren aitorpena jaso zuten.

Omenaldia, berez, Bilboko Udalak joan den 2019ko azaroko osoko bilkuran hartutako konpromisoaren barruan kokatzekoa da, zeinaren arabera, ezagutza agertu nahi baitzaie emakume elkarte guztiei eta, oro har, emakume orori II. Errepublikan eta Gerra Zibilean jokatutako zereginarengatik, beren eskubideen alde borrokatu zirelarik eta demokrazia defendatu zutelarik faxismoaren kontra. Hala, omenaldian izan ziren, besteak beste, Udaleko ordezkariak eta kargu publikoak eta Bilboko Bakearen aldeko Foroko kideak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi zuenez, "beharrezkoa da oraindik, gaur egun, iraganeko protagonistak gogora ekartzea, haien esperientziak berriz prezatzea, historia ulertu eta berridaztearren. Emakumeek II. Errepublikan eta Gerra Zibilean egindako lana gogoratuz eta gordez, iraganari lotzen gatzaizkio hari baten bidez, eta hori lagungarri gertatzen zaigu oraina interpretatzeko eta etorkizunari norabidea ezartzeko".

Era berean, honako hau nabarmendu zuen: "erakunde publikook geure gain hartzen dugu memoria kolektiboaren aldeko ekimenak sustatzeko betebeharra, hartara iragana irizpide etikoen bitartez berrikusi ahal izateko, eta, hala, etorkizunerantz mezu argia igortzeko, berriz ere ez gertatzearren, eta halaber, Bilboko gizartea emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasun baterantz gidatzearren.

Ekitaldia abiarazi ostean, "Emakume ekintzaileak" izeneko bideoa proiektatu da, emakumeek II. Errepublikan eta Gerra Zibilean jokatutako zereginaren balioa jartzen duena agerian; gero, mintzaldiei ekin zaie, Miren Llona EHUko irakaslea izan delarik lehena, "Emakume talde ezkertiarrak II. Errepublikan" gaiarekin; azkenik, Mónica Calvo ikertzaileak "La represión, el chalet Orue" gaiari ekin dio.