BILBO. Gabonetako oporretan umeek eta gazteek aisi-aukerak izateko helburuarekin sortu zuen Bilboko Udalak #BilbaoGabonak programa. Horren bitartez, 400 ekintza eta jarduera baino gehiago egin dira aurten, eta jendeak oso ondo erantzun du parte-hartze handia lortuz.

Jendeak hiribilduko kaleak bete ditu betiko kabalgatez gozatzeko, hiribildua inoiz ez bezala distirarazi duten argiak ikusteko edo Bilboko saltokietan Gabonetako ohiko erosketak egiteko. Horrela, #BilbaoGabonak proiektua hiribilduko dinamizatzaile nagusia izan da, bai eta bisitariak erakartzeko fokua ere.

Areatza eta Erripa kaia izan dira #BilbaoGabonak proiektuaren erdigunea, non Gabonetako jarduera ugari antolatu diren eta ia 90.000 pertsona bildu diren. Aurtengo edizioko berritasun nagusia, izotz ekologikoko estatuko pistarik handiena, 800 metro karratukoa, eta sei bideko txirrista 56.000 pertsona inguru bildu zituzten, iaz baino % 26,16 gehiago, alegia.

Gabonetako Ametsen Faktoria haurrentzako aisialdi-karpa handian, halaber, 12 urtetik beherako 30.000 haur baino gehiago bildu dira, eta sormen-jolasez, tailer didaktikoez eta askotariko ikuskizunez gozatu dute bertan. Erripa kaian bertan, hiribilduko tokiko hogei bat saltokitako etxolak jarri dira, eta gastronomia-produkturik, oparirik eta dekoraziorako produkturik onenak eskaini dizkigute. Europako hiri nagusietan ikusi ohi ditugunen antzeko azoka bat antolatu dugu, zeinak Gabonetako salmentak bultzatu dituen eta hiriko merkataritza-eskaintza erakutsi dien Gabonetan hirira etorri diren bisitari eta turistei.