BILBO. Behin Gabon garaia pasata, urtarrila gastuz beterik dator familia guztientzat. Horregatik, "urtarrileko aldapa" ahalik eta hoberen eramateko, Bilboko Udaleko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) hainbat gomendio eta aholku argitaratu ditu. Horren helburua garai honetan familiak ahalik eta diru gehien aurreztu ahal izatea da.

Horrela, Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Zinegotzi Eskuordetuak KIUBa bisitatu du gaur goizean, eta bertatik, "urtarrileko aldapari" aurre egiteko kontsumo arduratsuari buruzko klabe eta aholku praktiko batzuk eman ditu.

Izan ere, etxeko ekonomiarako urte osoko hilabeterik zailenetakoa da hau, Gabonek eragindako gastu ugariak eta "urtarrileko aldapa" kateatu ondoren, batez ere. Hori horrela, herritarren poltsikoarentzat hain zailak diren egun hauek arrakastaz gainditzeko hainbat gomendio eskaintzen ditu Bilboko KIUBak.

KIUBk azpimarratzen dituen aholkuen artean hauek azpimarratu behar dira:

  • Gastuak doitzea. Plangintza egitea eta kontrol zorrotza eramatea, benetako gastuak zeintzuk diren jakiteko eta gure erosteko gaitasuna zehazteko.
  • Prezioen alderatze konparatiboa egitea erosi aurretik. Aurreztea ahalik eta gehien bultzatzeko formula onenetakoa da, Internet bidez egindako erosketak barne. Hotel bat erreserbatzean edo hegazkin-txartel bat erostean prezioak konparatzen ditugun bezala, oso baliagarria da zenbateko txikiagoko eragiketetan ere gauza bera egitea.
  • Beharrezkoak ez diren gastuak identifikatzea. Alde batera utz daitezkeen gastuen analisia egitea ezinbesteko pausoa da aurrekontua orekatzeko.
  • Modu arduratsuan gastatzea. Kontuan hartuta gastu batzuk ezin direla ezabatu, argia, ura, elektrizitatea edo gasa bezalako oinarrizko beharrei dagozkielako, modu arduratsuan gastatzen saiatu behar gara. Kontsumitzaileak argiaren eta gasaren zenbatekoa nabarmen murrizteko aukera du, kontsumo txikiko bonbillak erabiliz, erabiltzen ez diren tresna elektrikoak itzaliz "stand by" kontsumoa saihesteko, berogailua piztuta dagoenean leihoak itxita izanda edo egongo ez garen etxeko edozein gelatatik irtetean argiak itzaliz, besteak beste.
  • Adi gangen eta merkealdien aurrean. Urtarrila ezaguna da, baita ere, Gabonen ondoren merkealdia hasten direlako saltoki askotan, salmenta horiek merkatari bakoitzaren irizpidearen arabera merkataritza-interes handieneko sasoietan izan daitezkeen arren. Hala ere, kontu handiz ibili behar da, eta ez gara erori behar soilik salneurri murriztua izateagatik beharrezkoak ez diren erosketak egitea dakarren bultzada kontsumistan. Gainera, kontuan hartu behar da merketzea produktuaren prezioei soilik aplikatzen zaiela, ez kalitateari, ezta bermeari ere.
  • Ordaintzeko modalitateak aztertzea. Kreditu-txartelek zenbait gastu dakartzate, eta gastu horiek kaltegarriak izan daitezke ekonomiari eusteko. Batez ere "revolving txartela" izeneko kreditu txartel mota, hilero kuota finko bat ezartzeko aukera ematen duena, erosketak modu automatikoan atzeratuz, baina kreditua handituz. Hobe da txartel-modalitate hori alde batera uztea. Egoera ekonomiko estuaren aurrean, kreditu azkarrak hilabetea amaitzeko aukera ona dela dirudi, ohiko soldatarekin erosi ezin dezakegun zerbait erosteko edo zorrak ordaintzeko. Hala ere, tentuz ibili behar gara; izan ere, kasu askotan, kreditu horiek eskaintzen dituzten enpresak ez daude Espainiako Bankuaren kontrolpean, eta, gatazkak izanez gero, ezingo da erakunde ikuskatzaile horren aurrean erreklamaziorik aurkeztu. Gainera, itzultzeko epea oso laburra izan ohi da, eta interesa oso handia, eta hori hirukoiztu ere egin daiteke ordaintzen ez bada edo berandu ordaintzen bada.

Bilboko KIUBak gogorarazi gura du, baita ere, kontsumitzailea dela bere ekintzen arduraduna, eta, horretarako, jarrera kritikoa hartu behar duela produktu bat erosten edo zerbitzu bat kontratatzen duen bakoitzean. Horregatik, bi alderdi azpimarratu gura dira:

  • Erostea, elkarrizketan eta gardentasunean oinarritutako merkataritza trukerako harremana da. Horregatik, erosketaren tiketa eskatu behar da, arazoren bat sortzen bada lagungarri izango delako. Publizitatea ere gorde behar da.
  • Kontsumoko arbitraje-sistemari atxikitako merkataritzaren aldeko apustua egitea da kontsumo arloko gatazkak konpontzeko bide errazena.

KIUBak ematen dituen zerbitzu guztiak, aplikatzekoa den kalitate-arauaren arabera ziurtatuta dagoen zerbitzu-kartan jasota daude.