BILBO. Olentzerok eta Mari Domingik umeen azkenengo gutunak jasoko dituzte bihar goizean, abenduaren 24an, Arriaga Antzokian. Ekitaldia goizeko 11:00etan hasiko da, eta bertan umeek bi pertsonaietara hurbiltzeko eta haiekin hitz egiteko aukera bikaina izango dute.

Sarrera-ordena bermatzeko eta itxarote-denborak ahalik eta gehien murrizten saiatzeko, Bilboko Udalak txanda-sistema erabiliko du, tiketen bidez. Horretarako, goizeko 10:00etatik aurrera, Areatzan (txurro-dendaren ondoan) etxetxo bat jarriko da Olentzerorekin eta Mari Domingirekin egon ahal izateko tiketok banatzeko; guztira, 1.500 banatuko dira.

Gehienez ere, pertsona bakoitzeko 3 tiket hartu ahal izango dira (horiek umeentzat dira, eurekin doazen helduek ez baitute tiketik behar), Antzokira sartzeko hurrenkera adieraziko dutenak. Lehenengo 500 zenbakiak dituztenak, Olentzero ikustera 11:00etatik 12:00etara sartuko direla kalkulatzen da; 501etik 1.000raino, 12:00etatik 13:00tara; eta 1.001etik 1.500era 13:00etatik 14:00etara.

Udalak antolatutako beste jarduera batzuen artean, Arriaga Antzokiaren kanpoaldean egingo diren hainbat jarduera nabarmentzen dira. Udalak Gargantua jarriko du Arriaga Antzokiaren inguruan eta hainbat tailer egingo ditu: taloa, eskulanak, makillajea € Gainera, Panpotx Kultur Elkarteak "Baserrian jai" izeneko berbena egingo du. Talde jolasaren bidez plaza dinamizatzera eta familia guztiek oso ondo pasatzera bultzatzen duen berbena, alegia.

Modu berean, Areatzara datozen familiek aisia-eskaintza handia izango dute #BilbaoGabonak-en testuinguruan, Bilboko Udalak Gabonetarako abian jarritako proiektua: urian 400 jardueratik gora biltzen ditu.

Bilboko Udalak #BilbaoGabonak proiektua indartu du, uria erakargarri bihurtzeko eta aisialdiko eta kulturako erreferente handi gisa sendotzeko data horietan ere. Jarduera aipagarrienen artean honako hauek daude: estatuko izotz pista ekologiko handiena; Europako hiri nagusien estiloko Gabonetako azoka bat; aisialdirako gune handi bat, "Gabonetako ametsen faktoria", Ripako kaian; hiri osoaren eta bere auzoen argiztapena, Areatzako "Baso magikoa" eta udaletxearen inguruko zuhaitz handia eta bola erraldoia; jarduera ugari auzo guztietan.