Udalak sariak banatu dizkie "Bilboko ekintzailetza digitala" lehiaketako bigarren edizioko start-up irabazleei

22.12.2019 | 13:38

BILBO. Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez antolatu duen "Bilboko Ekintzailetza Digitala" lehiaketaren bigarren edizioak irabazleak ditu dagoeneko. Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano arduratu da Berba, Emerid System (bags and helmet) eta Solvenup Quality Finance enpresa irabazleetako ordezkariei saria banatzeaz. Hiru enpresa sortzaileek, hurrenez hurren, 6.000, 4.000 eta 2.000 euroko sariak jasoko dituzte. Horrez gain, start-up irabazleek prestakuntza eta aholkularitza espezializatuko zerbitzuak eskuratuko dituzte. Aditu-talde bat arduratuko da zerbitzuak emateaz, eta proiektuei babesa eskainiko diete hasierako fasetik eta oso-osorik garatu arte.

Ekimenaren helburua da bultzatzea hautatutako enpresa-proiektuak modu egokian eta inguru apropos batean garatzea, hasierako fasetik heldutasun-maila egokia lortu arte, zeinari esker inguru lehiakor batean bizirauteko ezagutza eta trebetasun nahikorekin irten ahal izango diren merkatura.

Berba proiektua izan da bigarren edizioko irabazlea, eta, hain zuzen ere, adimen artifizialaren bitartez itzulpengintza, lokalizazio eta berrikuspen optimizatuko zerbitzuak eskaintzen dituen start-up bati ematen dio izena. Bigarren saria Emerid System (bags and helmet) proiektuari egokitu zaio. Askotariko erabilera eta materialetarako NFC teknologia bidezko identifikazio-gailu bat da, eta haririk gabeko irispide laburreko eta maiztasun altuko komunikazioan oinarritzen da, zeinak aukera ematen dituen datuak gailuen artean trukatzeko (pertsonak eta ekipajeak identifikatzea...). Amaitzeko, Solvenup Quality Finance dugu. Hirugarren hau finantza-gomendioetarako plataforma digital bat da, eta machine learning edo ikaste automatikoa aplikatzen du.

Proiektu irabazleez gain, beste hamabi start-up hautatu dira prestakuntza eta aholkularitzako zerbitzua jasotzeko. Horren bitartez, honako gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste: sortu berri den enpresa baten bizitza-zikloa, ikuspegia, ideiak eta erabiltzailearen esperientzia, garapen teknikoa eta teknologikoa, merkatuko balidazioa, gauzen Interneta, Big Data, adimen artifiziala eta zibersegurtasuna.

Bilboko Udalak, ekimenari esker, lortu nahi du ekonomia digitalaren sektore estrategikoaren barruan udalerrian enplegua eta aberastasuna sortuko duten enpresak sortzea eta haztea.

Europar Batasunak, Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020 Euskal Autonomia Erkidegorako Programa Eragilearen bitartez, % 50ean finantzatu du Bilboko Ekintzailetza Digitalaren lehiaketa.

noticias de deia