BILBO. Bilboko Udalak birziklaketarekin loturiko 8 informazio-totem ezarri ditu, uriak herritarrekin daukan konpromisoa berresteko. Horrekin lortu nahi dena da Europak ezarritako arauak edota betebeharrak betetzea.

Hori dela eta, gaurtik aurrera, Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Sailak, Ecovidrio eta Ecoembes enpresekin batera, abian jarri du kalean bertan oharmena eragiteko kanpaina bat, herritarrek hondakinak bereizi eta ondoren birziklatzeaz dauzkaten zalantzak argitzeko.

Horretarako, zortzi informazio-totem ipini dira, eta Bilboko barruti eta auzo guztietan izango dira, datorren urtean zehar. Totemok gai berrerabiliez eginak dira, eta aukera emango diete ikustera hurbiltzen direnei, edukiontzi bakoitzera zer bota daitekeen eta zer ez jakiteko zalantzak izanez gero, argitu ditzaten, alegia jakin dezaten zer bota daitekeen edukiontzi beilegira, urdinera, berdera, organikoenera eta errefusenera.

Informazio-euskarriok, moldakorrak izanik, hango eta hemengo kaleetan ezarriko dira datozen hamabi hilabeteotan, funtsezko mezua agerian egon dadin etengabe kalean bertan. Eta, mezua, hain zuzen, zera da: etxean bereizi egin behar dira hondakinak, zeren, bestela, eten egiten baita birziklapen katea.

Totemetan azaltzen diren hondakinak hautatzeko orduan, arreta berezia jarri da ahalik eta ontzi mota gehien ager daitezen gaien familia bakoitzean, hartara errazki ezagut daitezen, guztiak egon daitezke-eta gure etxeetan, edozeinetan.

ASKO DAGO EGITEKO

Klima-aldaketa errealitate ukaezina da, eta adostasuna dago gure hondakinen kudeaketa desegokiak berotegi-efektuko gas gehiago isurtzen laguntzen duela, bereziki metanoa. Inpaktu hori minimizatzeak herritarren lankidetza eta kontzientziazioa eskatzen du.

Xedea da gehiago eta hobeto birziklatzea. Izan ere, Europak ezarritako helburuak lortzeko, eta, batez ere, harago iritsi nahi badugu eta erreferentziazko hiri bihurtu nahi badugu, funtsezkoa da herritarren lankidetza. Hala, bada, Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Sailak nabarmendu egin nahi ditu gaikako bilketan gure urian 2018an izan ziren datuak, zeinak herritarrek gaiaren inguruko oharmen handiagoa izateari eta kudeaketan ezarritako hobekuntzei esker iritsi baitira, hein handi batean. Zehazki, 2018an:

Bilbok % 46,79eko birziklatze-tasa lortu zuen, eta, hala, europar helburutik 4 puntu baino gutxiagora geratu zen (% 50 da europar helburua, bildutako gai bereizietan, 2020rako).

Gaika bildutako multzo bakoitzaren zenbatekoak emendatu dira iazkoekin alderatuta: kartoi-paperetan (% 10 gehiago), beiratan (% 41 gehiago), eta edukiontzi horikoetan (% 6,77 gehiago).

Gai organikoen bilketan % 173 gehiago bildu da, bosgarren edukiontzia ipini eta gero: 371 edukiontzi ziren lehen, eta 1.341 dira gaur egun, zortzi barrutietan barreiatuak.

HONDAKINAK ETA GABONAK

Gabonak iristean, kontsumoak gora egiten du, eta, ezinbestean, hondakinen sorrerak gora egiten du. Kalkuluen arabera, abenduan, Bilbon % 3 eta % 4 artean igoko da. Ehuneko horrek gora egiten du zatiki batzuei dagokienez, hala nola kartoi-paperari edo ontziei dagokienez:

Kartoizko papera, egungo joerari jarraituz gero, %4,5 handituko da.

Ontzietarako, igoera %11 ingurukoa izango da.

Horregatik, beste urte batez, aukera eta ardura dugu ahal dugun guztia birziklatzeko eta, horrela, gure ingurumen-inpaktua murrizteko. Hortik dator Udalak martxan jartzen dituen kontzientziazio kanpaina hauen garrantzia, gaur hasiko dena bezala, Ecovidrio eta Ecoembes bezalako beste erakunde batzuekin elkarlanean.