BILBO. Pasaden astelehenean, hilak 2, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Itxaso Errotetarekin batera, uriko 500 kirolari ingururi harrera egin zieten La Casilla Udal Polikiroldegian.

Bilboko Udalaren helburua da ezagutza agertzea kirolariek eta klubek egiten duten ekarpenari, jarduera fisikoaren eta bizi-ohitura osasungarrien bitartez Bilbo hobetzen baitute eta orobat Bilboko herritarren bizi-kalitatea.

Juan Mari Aburtok gogorarazi zuenez, kirolariak eredu dira: “jokaleku bat, kantxa bat edo pista bat zapaltzen duzuen bakoitzean, gogoa pizten diezue beste batzuei bizitza sedentarioa alde batera uzteko eta kirolen batean hasteko edo hartan irauteko; bai bederen zuen inguruan, eta, beste askotan, zuen ingurutik kanpo ere bai”, “gero eta gizarte aktibo eta osasuntsuagoa izateko erronkari laguntzen diozue”, gehitu zuen.

Ekitaldia astelehenean arratsaldean izan zen, La Casillako Udal Pabiloian; Bidaideak Bilbao BSR taldearen erakustaldi batek girotu zuen topaketa. Lehen taldeko kideak jokalekura atera ziren neska-mutilekin batera, saskibaloi egokituko klubeko beheko taldeetakoekin.

Duela gutxi ekin dio Bidaideak klubak haztegi proiektu honi, gurpil-aulkian dabiltzan haurrei gurpil-aulkiekiko saskibaloia egiteko aukera eskaintzearren. Horrela, bada, klub horrek lagundu egiten du bestelakotasun funtzionala duten haurrak gizartean barneratzen, ohitura osasungarrien eta jarduera fisikoaren bidez. Alde horretatik, alkateak BSR zoriondu du haztegi-proiektu baten alde egin duelako, eta gizarteratzeko tresna gisa duen balioagatik, “aukera ematen ari zatzaizkiete-eta beren aisialdiaz gozatzeko, aisialdi osasungarriko jarduerak eginez, lagun berriak eginez, eta, aldi berean, beldurrak eta mugak gaindituz”.

Aburtok kirolari gazteenengana jo zuen, galdeginez anima ditzatela beren lagunak kirol edo gorputz-jardueraren bat egitera. Azkenik, Juan Mari Aburto alkateak joko-zelaietan errespetuz aritzeko eskatu zien nagusi eta txikiei, “kirola errespeturik gabe ez baita kirola". "Ez da jostagarria, eta galdu egiten dira kirolarekin batera doazen balioak".

KIROLA ETA GORPUTZ JARDUERA SUSTATZEA

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak-en bidez, badu dirulaguntza-programa bat hirian kirola sustatzeko, emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta bestelakotasun funtzionala duten pertsonen integrazioa bultzatzeko, besteak beste. Dirulaguntza lerro hauei esker, 2019an, 562.300 euro inbertitu dira guztira hiriko 189 ekimen edo taldetan.

Gainera, aurten, Bilboko Udalak 1.466.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Bilbao Kirolak-en kirol instalazioen erabilera lagatzeko, eta, hala, haietaz baliatzeko modua eman die kirol talde, klub edo sustatzaileei. Era berean, instalazioak lagatzeari esker, Bilboko 66 ikastetxetako 9.150 ikaslek baino gehiagok kirola egiten dute Bilboko Udalaren kirol guneren batean.