BILBO. Bilboko Udalak udal hilerrietan erreformak egin ditu azaroaren 1erako, hau da, Domu Santu egunerako. Urtero bezala, jende ugariren bisita espero da egun horretarako, eta horregatik hobekuntzak egitea erabaki du Udalak. Oro har, argiztapena, lorezaintza eta irisgarritasuna hobetuko dituzte, eta hilerriko ateak ohi diren baino ordu gehiagoz egongo dira irekita.

Yolanda Díez zinegotziak Domu Santu egunerako aurreikusita dagoen operatibo bereziaren xehetasun guztiak aurkeztu ditu gaur goizean prentsaurrekoan, eta garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.

Irekitzeko eta ixteko ordutegiak luzatu egingo dira: Bilbokoa, urriaren 26tik azaroaren 2ra, 08:00etatik 19:00etara; Deustukoa, urte osoan, 08:00etatik 15:00etara, eta azaroaren 1ean, 08:00etatik 18:00etara.

Modu berean, Bilboko udal hilerria bisitatzen dutenei ematen zaien arreta hobetzeko, azaroaren 1ean bulego nagusietako jende aurreko ordutegia 08:00etatik 14:00etara luzatuko da. Gainerako guneetan ere arreta hobetu gura izan dute. Horrela, urriaren 21etik azaroaren 3ra, langileak hobeto ikusiko dira eta erraz aurkitzeko moduan egongo dira, txaleko islatzaile horiekin identifikatuta. Modu berean, eragozpen fisikoren bat edo mugikortasun urria duten pertsonei motor elektrikoa duten bi gurpil-aulki eskura dituztela gogorarazten zaie, hilerri barrutik errazago mugitzeko.

Azaroaren 1ean Bilboko hilerria bisitatuko duten pertsonek "Bilbao Bel Canto" musika taldeak (Patricia Sesar sopranoa; Martín Barcelona tenorea; Zuriñe de Diego biolina; Miren de Diego biolina; eta Iñaki Velasco pianoa) interpretatuko dituen kontzertu lirikoetara joateko aukera izango dute. Puccini, Verdi, Mozart, Donizetti, Bach, Schubert, Webber, Sorozabal, Caccini, Franck, Mascagni, Morricone eta abarren obrak interpretatuko dira. Kontzertuak Hilerriko kaperan izango dira, 13:00etan eta 18:00etan, eta bertara joatea doakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Bilboko udal hilerrietan 2019an egin diren jarduketa nagusiak:

Hobekuntzak irisgarritasun orokorrean bi hilerrietan.

Lanak Mungiako errepidetik Bilboko hilerrira dagoen oinezkoentzako sarbidean.

Bilboko hilerriko sarbideetako zoladuraren zaharberritzea.

Apainketarako argiak instalatu dira Bilboko hilerriko Klaustroaren barruan eta kanpoan eta aparkalekuan.

Soinua instalatu da Bilboko hilerriko Klaustroaren kanpoaldean.

Hobekuntzak lorategietan eta gune berdeetan (BI 737-Erandio/Larrabetzu errepideko segurtasuna eta Bilboko Hilerriko paisaia eraldaketa prozesuaren pilotatzea, besteak beste).

Bilboko hilerrian dauden eskultura piezak eta artelanak zaharberritzea eta sendotzea.

Bilboko Hilerrien Memoria berreskuratzea (historialari bat kontratatzea 2018-2019ko Gazte Enplegurako Planaren barruan).

MUGIKORTASUNA ETA BILBOKO UDALTZAINGOAREN LANKIDETZA

Bilbo Zerbitzuakek garraio publikoan joateko eskatu du, baina euren ibilgailuan doazenek jakin behar dute Hilerriko sarrera nagusitik baino ezin izango direla sartu, Txorierri BI 737-Erandio/Larrabetzu errepidetik. Eta ibilgailuak hilerri barruan aparkatzeari dagokionez, horretarako erreserbatutako eta egokitutako lekuetan aparkatu beharko da. Ostiralean, azaroaren 1ean, Bilboko Udaltzaingoak etengabeko zerbitzu berezia emango du sarbideetan trafikoa antolatzeko eta segurtasuna bermatzeko.

GOGOBETETZEARI BURUZKO 3.000 INKESTA BANATUKO DIRA, HOBETZEN JARRAITZEKO

Azaroaren 1ean Bilboko hilerrira hurbiltzen diren bisitariek inkesta bat jasoko dute, orain arte egindako hobekuntzak eta jasotako zerbitzuak baloratzeko. Horretarako kontratatutako pertsonen laguntza izango dute, inkestak banatzeko eta horien edukiaren berri emateko, 10:00etatik 13:00etara.

ON LINE BISITA BILBOKO HILERRIRA, 40 INTERESGUNE NAGUSIAK

Bilboko udal hilerria harribitxi arkitektonikoa da, memoria historikoa jasotzen du eta hiriaren garai bakoitzeko une soziokulturala islatzen du, 1902an inauguratu zenetik gaur egun arte, eta Bilboko kultur ondarearen zati garrantzitsua da.

Bilboko udal hilerria oroimen kolektiboko lekua da, baina hirigunea ere bada. Monumentua, aire zabalean dagoen museoa, hiriaren historiaren distira erakusten duten arkitektura eta eskultura lan errepikaezinekin osatutako multzo artistiko txundigarria biltzen duen arte eta kultura gunea da. Edozein unetan bisita daiteke, gune ireki gisa pentsatuta eta gauzatuta dagoelako, paseatzeko, irakurtzeko edo, beste barik, bertan egoteko parke gisa, hain zuzen ere.

Baita modu birtualean ere. Bilbao Zerbitzuaken webgunean Bilboko udal hilerriaren bisita gidatua egiteko aukera eskaintzen da, artearen eta ondarearen aldetik duten interesa dela eta kontu handiz aukeratutako 40 puntu interesgarrienetatik, hain zuzen ere. Are gehiago, bisita gidatuko material guztia deskargatzeko eta hilerrira joateko aukera ematen da, baita on line bisita egitekoa ere, banaka bisitatu gura den interesgunea hautatuta.