BILBO. Euskal Herriko txistulariak batzeko xedeaz, Bilbao Musikako Musika Eskolak eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak "Danboligenak" sortu dute. Asteburu honetan ospatuko da ekimen musikalaren bigarren edizioa, zeinak euskal txistularien artean "harreman sare iraunkor eta berezia" eratu nahi du. Oraingo honetan, Bilbon ospatuko da.

Urtarrilean Azkoitian izan baziren, oraingoan, Danboligenak, Bilbon elkartuko dira. Txistulari Gazteen Topaketa hauek Euskal Herriko Txistulari Elkartearen ekimenez jarri ziren martxan urte hasieran. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, “proiektua aurkezterakoan, ibilbide luzekoa izateko nahia agertu genuen eta hainbat geltoki izango direla ere aurreratu genuen. Izan ere, Bilbokoaren ostean abenduan Gipuzkoan izango gara”.

Gauzak horrela, asteburu honetan beste batzuen artean, Bizkaiko (Bilbao Musika eta Trapagaran), Gipuzkoako (Azkoitia, Hernani), Nafarroako (Lesaka, Errobi bailara) eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko txistulari gazteek asteburuan zehar Bilbon ospatuko den ekimen honetan hartuko dute parte.

Larunbatean, hilak 26, txistulariak bi ikastaro desberdinetan izango dira: Plaza dantzak (11:00etan) eta Inprobisaziorako hastapena (17:00etan). Eguerdiari begira, 13:00ak aldera, Bilboko Zazpi Kaleetan zehar kalejira bat ospatuko dute eta 19:30ean, aldiz, Erriberako Merkatuan, Erromeria eskainiko da Aiko Taldearen eskutik.

Danboligenak igandean bukatuko da, urriak 27, txistulariek 10:00etan Zazpi Kaleetan eskainiko duten ikuskizun aparta baten bitartez.