BILBO. Hurrengo igandean, hilak 27, Euskalduna Jauregiak Bilboko Udal Musika Bandaren 'Picciniren esentziak' kontzertua hartuko du. Ekitaldia goizeko 12:00etan hasiko da, eta Pascual-Vilaplanak zuzenduko du.

Puccini artista globalaren musikaren bidez, ikus-entzuleak bere sormen mundura hurbilduko dira, berritzailea bezain zabala, karismatikoa bezain hunkigarria. Ekitaldian zehar “Corazzata Sicilia”, “Preludio Sinfónico”, “Scossa Elettrica” eta “Turandot” lanak entzun ahal izango dira, baita Miserachs-en “Pucciniana” ere, Jordi Ripollek, Bilboko udal musika bandaren fagot bakarlariak, eginiko moldaketekin.

“Pucciniren esentziak” bi zatitan banaturik egongo da. Hasteko, bandak “Corazzata Sicilia” interpretatuko du, F. Napoleone Canevaro almirante italiarrak agindutakoa eta izen bereko ontziari eskainita, Italiako itsas armadaren ikurra zena. Ordenantza martxa honen ondoren, “Preludio Sinfónico” entzungo da, zeinetan Wagnerren eragina eta Pucciniren gaitasun melodiko eta harmoniko handia nabarmentzen den. Bandarako bertsio hau Ton van Grevenbroek maisu holandarrak prestatu zuen Natali Galliniren bilduma pribatuko eskuizkributik abiatuta. Lehenengo zatia bukatzeko ikus-entzuleek “Pucciniana” lanaz gozatzeko aukera izango dute. 1881-1882 ikasturtean, Antonio Razzini maisuaren aginduetara Milango Kontserbatorioan ikasketak amaitzeko azken azterketarako idatzi zuen obra hau. Aipatzekoa da ere, Bandarako bertsio honen moldaketak bandako kide Jordi Ripollek jaso dituela, Bilboko udal Bandako fagot irakasleak eta Estatuan estreinaldia dela.

?

Geldiune txiki baten ondoren, banda eszenara bueltatuko da 1799an pila elektrikoa asmatu zuen Alessandro Volta akademiko ospetsuari eskainitako “Scossa Elettrica” (Descarga Eléctrica) pianorako martxa bikainarekin. Kontzertu honetan interpretatuko den bandarako orkestrazioa Fulvio Creus maisuaren lana da, Italiako Armadako Bandako zuzendaria. Kontzertua amaitzeko, Pucciniren azken obrari buruzko suite bat entzungo da: “Turandot”. Hiru ekitaldiko opera bat da, Pucciniren musikarekin eta G. Adamiren eta R. Simoniren libretoarekin.

Sarrerek 5 euroko prezio herrikoia izango dute, zenbakidunak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus web orrialdean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratzeko aukera izango da. Pentsiodunek, 65 urte baino gehiago dutenek eta Gazte-txartelaren titular direnek (14 urtetik 29ra) deskontuak izango dituzte erosketa egiterako momentuan. Kolektibo hauetako pertsona bakoitzak bi sarrera erosteko aukera izango du, bakoitza 4 euroko prezioan.

Igande honetako kontzertuaren ondoren, banda eszenara bueltatuko da azaroaren 17an. “Etorkizuneko haizeak” izenekoan López Lópezen “Obertura de la Noche”, Varèseren “Déserts”, Hindemithen “Symphony in B flat” eta Gustav Holsten, konpositore ingelesaren, “The Planets” suiteko “Júpiter” izeneko mugimendua entzungo dira Nacho de Paz zuzendari asturiarraren batutapean, XIX eta XX. mendeko musikan espezializatua dena.

OHARRAK EGITARAUARI BURUZ

Giacomo Puccini (Lucca, 1858ko abenduaren 22a ? Brusela, 1924ko azaroaren 29a), zalantza barik, musikaren historiako konpositore italiarrik garrantzitsuenetakoa da eta musika eszenikoko famatuenetakoa. Elizako musikarien familia batekoa zen, eta Verdiren eta Wagnerren ondorengotzat hartu izan da, alemaniar eta italiar operako teknikak maisuki erabiltzen zituelako. Kontzertu honetan, bere musikaren bidez, bere sormen mundura hurbilduko dira ikus-entzuleak, berritzailea bezain zabala, karismatikoa bezain hunkigarria.

1896an, F. Napoleone Canevaro almirante italiarrak aginduta, Corazzata Sicilia ordenantza martxa idatzi zuen, izen bereko ontziari eskainita, Italiako itsas armadaren ikurra zena. Pianoan jotzeko idatzia, Puccinik orkestrarako bertsioa Milango Scala antzokiko tronboi-jotzailea zen Pio Neviri eskatu zion. Obraren motiboak La Boheme operaren partituratik aterata daude. Luccako musikariaren maisutasuna Preludio Sinfonikoan jada antzematen zen, 1881-1882 ikasturtean, Antonio Razzini maisuaren aginduetara Milango Kontserbatorioan ikasketak amaitzeko azken azterketarako idatzi zuen obran.

Milanen estreinatu zen 1882ko uztailaren 15ean eta nabarmentzekoak dira Wagnerren eragina eta Pucciniren gaitasun melodiko eta harmoniko handia. Bandarako bertsio hau Ton van Grevenbroek maisu holandarrak prestatu zuen Natali Galliniren bilduma pribatuko eskuizkributik abiatuta. 2008an, Pucciniren jaiotzaren urteurrena zela bide, Valentino Miserachs konpositore katalanak, Erromako Santa Maria Maggiore basilikako Kapera Liberianoaren egungo zuzendariak, Pucciniana orkestrarako fantasia estreinatu zuen, maisuaren hainbat opera-materialetan oinarritua, bariazio eran tratatuak. Pucciniri dion miresmenak bultzaturik, Miserachsek lan orijinal bat konposatu du baina Manon Lescaut, La Bohème, Tosca, Madama Butterfly, La Fanciulla del West, Turandot eta Suor Angelica operetako materialekin, besteak beste, konpositorearen oroimenetik landuta, eta hark ziurtatzen duenez, partitura bat ere zabaldu gabe. Bandarako bertsio honen baimena bandako kide Jordi Ripollek jaso du, Bilboko Udal Bandako fagot irakasleak.

1899an, Comon (Italia), telegrafisten munduko kongresu bat egin zen. Gertakari haren kariaz eta bateria galvanikoaren I. mendeurrena ospatzeko, Puccinik Scossa Elettrica (Deskarga elektrikoa) pianorako martxa bikaina idatzi zuen, 1799an pila elektrikoa asmatu zuen Alessandro Volta akademiko ospetsuari eskainita. Kontzertu honetan interpretatuko den bandarako orkestrazioa Fulvio Creus maisuaren lana da, Italiako Armadako Bandako zuzendaria. Kontzertua amaitzeko, Pucciniren azken obrari buruzko suite bat entzungo da. Turandot hiru ekitaldiko opera bat da, Pucciniren musikarekin eta G. Adamiren eta R. Simoniren libretoarekin. Opera amaitzeke geratu zen maisuaren heriotzagatik, eta F. Alfanok osatu zuen. 1926ko apirilaren 25ean estreinatu zen Milango Teatro alla Scalan, Arturo Toscaniniren zuzendaritzapean, zeinak, hirugarren ekitaldiaren erdian, "Liù, poesía!" hitzen ondoren bi konpas jota, orkestra geldiarazi, batuta jaitsi eta ikusleengana bira eginda, "Qui il Maestro finí" ("Maisuak hementxe amaitu zuen") esan baitzuen. Turandot pertsiar jatorriko izena da eta “Turanen alaba” esan nahi du; bere istorioa Nezamiren Zazpi ederrak edo Zazpi printzesak izeneko poema batean oinarritzen da. Musikak drama eta samurtasuna uztartzen ditu edertasun biluziena presente egiten den modu batean.

Pucciniren musikak araztasunez betetako sentsazioen munduan murgiltzen gaitu, non arimak artearen benetako katarsia sentitzen duen.

ZUZENDARIA: JOSÉ RAFAEL PASCUAL-VILAPLANA

Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valléseko O.S., Murtziako O.S., Gaztela eta Leongo O.S., Bilboko O.S., Kanaria Handiko O.F., Bukaresteko O.S., Suitzako Aulos W.B., Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko Banda? Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, José Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar.

Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza?) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis González, Spanish Brass L.M.) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura.

Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen “Ignacio Morales Nieva” Musikako Sari Nazionala jaso zuen.

2015etik zuzendari titularra da Bilboko Udal Bandan eta 2018tik Bartzelonako Udal Bandako titularretako bat da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera. Informazio gehiago: www.pascualvilaplana.com.