BILBO. Kanpoko turismoa sustatzeko, Bilbao Bizkaiak kanpaina bat abiaraziko du. Gaur bertan hasiko da, eta batez ere Alemaniako, Portugalgo eta Suitzako turistak erakartzea izango du xede.

Gaur, lehenengo topaketa egingo da Zurich hiri suitzarrean; urriaren 24an, osteguna, Munichen izango da, eta azaroaren 27an, berriz, Lisboan, Portugalgo hiriburuan. Aste honetako topaketa profesionaletan, Zurich eta Munich hirietan, Suitzako eta Alemaniako berrogeita hamar turismo-eragile inguru bilduko dira hiribilduko eta lurraldeko turismo-enpresetako ordezkariekin. Bilboko eta Bizkaiko bederatzi enpresa joango dira Zurichera, eta, Munichera, ordea, zortzi konpainia bertaratuko dira. Hain zuzen ere, hauexek dira horien jarduera nagusiak: hiri-ostatua, turismo harkorra eta turismo-zerbitzu aktiboak. Topaketak egiten direnean, aurkezpena egingo zaie Bilbo eta Bizkaira datozenei.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituzten ekitaldi profesional hauen xedea da tokiko enpresa-sektorearekin negozio-aukerak sortzea, komunikabideetan turismo-eskaintzaren berri ematea eta Suitzako zein Alemaniako merkatuekin harremanak ugaritzea eta sendotzea. Izan ere, lehentasunezko merkatuak ditugu kanpo-sustapenerako estrategian.

Gaur egun, Alemania da Bilbora bisitariak igortzen dituen hirugarren herrialdea, eta Frantziaren eta Erresuma Batuaren atzetik baino ez dago. Europa erdialdetik datozen turisten kopuruen azken urteetako bilakaerak % 22 egin du gora, eta iaz 48.921 turista etorri ziren gurera. Suitzari dagokionez, bidaiarien etorrera nabarmen handitu da azken lau urteetan, % 81, hain zuzen ere.

Suitzako nahiz Alemaniako turismoa balio ekonomiko handiko merkatua dira, erosteko ahalmen handia eta urte osoan bidaiatzeko gaitasuna baitituzte, eta ez soilik goi-denboraldian.

PORTUGAL, AUKERA-MERKATUA

Azaroaren 27an, Portugalgo hiriburuan, Lisboan, profesionalen topaketa bat antolatuko da. Aurrekoen formatu bera izango du, eta bertan turismoa hartzeko eta hiri-ostaturako sektoreko Bilboko eta Bizkaiko bederatzi enpresa turismo-eragile portugaldarrekin bilduko dira. Portugalgo merkatua, hain zuzen, aukera-merkatutzat hartzen da, eta % 6 hazi da 2014. urtetik 2018. urtera.

MICE ETA TURISMO-AZOKEN EGUTEGIA

Urtero bezala, Bilbo kongresuen eta ekitaldien hiri gisa finkatu da. Hori dela eta, kanpoko turismoa sustatzeko egutegia sendotu du, eta urte amaierara arte ugaritu egingo ditu turismo-eragileentzako eta azken publikoarentzako turismo-azoketan eta MICEetan (Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions) parte hartzea.

Estrategia honen testuinguruan, Bilbok ahalegin handiagoa egingo du, eta azaroaren 4tik 6ra Gironara joango da “Iberian MICE Forum” azokara. Bertan, Bilborentzako merkaturik erakargarrienetako batean arituko da: luxuko turismoa. Azaroaren 11tik 13ra, “M&I Forum (Meetings and Incentives Forum)” ekitaldira joango da Maskat hirira, Omaneko hiriburura. Nazioarteko turismo-eragileentzako topaketa profesional bat izango da.

Ekintzen egutegian, nabarmendu egin behar da Bilbo ere IBTM World izeneko ekitaldien industriaren hitzordu handian egotea. Turismo profesionalaren, pizgarrien, ekitaldien eta kongresu- eta negozio-bidaien urteroko azoka Bartzelonan egingo da azaroaren 19tik 21era bitartean. Pizgarrien sektoreko erosle asko dituen jardunaldi bat da, eta Bilborentzako nazioarteko ekitaldi berriak erakartzeko asmoz izango gara han.

Amaitzeko, turismo-sektoreko azokei dagokienez, azaroaren 4tik 6ra, Londreseko “World Travel Market” azokara joango gara, non topaketak antolatuko diren sektoreko nazioarteko eragileekin. Estatuari begira, azaroaren 21etik 24ra, INTUR Valladolid azokan izango gara, barruko turismoaren azokarik garrantzitsuena. Hiriaren eskaintza kultural, gastronomiko eta komertzialarekiko interesa duen gertuko jendea erakartzea da Bilboren asmoa, bai eta Gabonetan bisitarien presentzia indartzea ere. Horrez gain, INTUR Negocios espazioan bilerak egingo dira nazioarteko agentzietako ordezkariekin.