BILBO. Bihar, hilak 19, goizeko 10:00etan, Bilbok Alkoholismoari buruzko Euskal Jardunaldien XXVI. edizioa hartuko du, La Cruz de Oro Alkoholiko Errehabilitatuen Elkartearen egoitzan, Iparragirre kaleko 46. zenbakian. Bertan, gaixotasuna pairatu duten eta jada errekuperatuta dauden hainbat pertsona hartuko dute parte. Aurtengo gaia "Adikzioek familian eta gizartean dituzten ondorioak" izango da.

Biharko prestatutako egitarauak bi hitzaldi dauzka. Lehena Juan Antonio Abeijón psikiatrak emango du: “Familia eta adikzioak”. Bigarrena Rodrigo Oraak, psikiatra eta Santutxuko adimen-osasuneko zentroko eta ManuEne eguneko ospitaleko arduraduna denak, eskainiko du: “Adikzioen estigma”.

Osasun eta Kontsumo Sailak honelako ekimenei ematen dien babesa 2016-2019ko V. Adikzioen Tokiko Planaren barruan sartzen da. Plan horren bidez, udalak konpromisoa hartu zuen adikzioak dituzten pertsonen familiei babesa emateko. Babes hori biztanleria heldu espezifikoaren 6. estrategian zehazten du: “adikzioak dituzten pertsonen senideen elkar laguntzako talde eta elkarteen lana sustatu eta bultzatzea, Bilbon jarduten badute”.

Ingurukoek eta senideek ere errekonozimendua eta arreta behar dituzte, eta sarritan adikzioa duen pertsonak eklipsatu egiten ditu. Familiak senide horren adikzioaren ondorioak pairatzen ditu: egoera zailak, larritasunez bizitzea eta lotsa besteen aurrean, besteak beste. Horregatik, laguntza, informazioa eta aholkua jasotzeko espazioak behar dituzte familiek. Espazio horietako batzuk elkarteek eskaintzen dituzte, kasu honetan La Cruz de Oro alkoholiko errehabilitatuen elkarteak, Osasun eta Kontsumo Sailaren babesaz.