BILBO. Osakidetzatik jakinarazi dutenez, gaur egun Santa Marina Ospitalea dena garai batean Tuberkulosiaren Kontrako Erietxe Taldea izandakotik iraun duen pabiloi bakarra da. Eraikina Eugenio Aguinaga arkitektoak diseinatu zuen eta duela 75 urte inauguratu zen.

Tuberkulosiak gaixotutako pertsonak hainbat hilabetez eta urtez ere zaintzen hasi zuen bere eginkizuna, eta, era berean, Bizkaiko gainerako biztanleak gaixotasunaren kutsaduratik babesten zituen. Heriotza tasa murriztea lortu zuten kirurgia toraziko garrantzitsu eta aitzindariak barne hartu zituen eta, azkenean, botika berriak sartuz eta administratuz, gaixotasuna ia erabat desagerrarazi zuen. Orduz geroztik, toraxeko gaixotasunetako ospitale bihurtu zen.

Beraz, 1930eko hamarkadako patologia horren lekukoa hartu du XXI. mendeko patologia handi berriak, hauskortasuna eta hiltzeko prozesuak, alegia, "Santa Marinak badakielako mende honetako erronkari aurre egiten, gaixotasun kronikoak areagotzea dakarren biztanleen zahartzeari aurre egiten".

Hala, 240 ohe, 5.000 ospitaleratze inguru, 6.000 larrialdi baino gehiago eta 5.000 kontsulta izanik, Santa Marina Osakidetzako erreferentziazko ospitale bat da, kronikotasunean, adineko pertsonetan eta zainketa aringarrietan espezializatua. Arreta osoa ematen du, sareko gainerako zerbitzu erakundeekin eta gizarte esparruarekin koordinatuta. Bizitzako azken urteetan gaixotasun kronikoak larriagotu zaizkien pertsonak artatu eta zaintzen ditu, eta amaierako ordua iristean, ondo hiltzen laguntzen saiatzen da, senideekin intimitate baldintza onenetan egon daitezen eta ahalik eta sufrimendu txikiena izan dezaten laguntzen.

OSPAKIZUNA

Orain, 75. urteurrena dela eta, eta Santa Marina Ospitalea zer izan zen eta gaur egun zer den ezagutarazteko asmoz, Osakidetzak hainbat ekintza antolatu ditu. Horrela, joan den martxoaren 26an, Jose Carrasco-Maximo Aguirre saria jaso zuen Bilboko Mediku Zientzien Akademiaren eta Sociedad Bilbaina-ren eskutik.

Halaber, urriaren 13an herri martxa bat egingo da: ospitalean bertan hasi eta bukatuko den bost kilometroko ibilaldia izango da. Osakidetzako eta Bilboko Udaleko ordezkariek parte hartuko dute.

Gainera, paziente eta profesionalen omenez hainbat argazkik osatutako erakusketa bat irekiko da urriaren 10ean, Zazpikaleak metro geltokiko San Nicolas sarbidean. Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Luis Diego eta kolaboratzaile diren beste arlo batzuetako agintariak bertan egongo dira.

Azkenik, ospitaleko langileei zuzendutako jardunaldi bat izango da, eta Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillok Nagusi Intelligence Center egitasmoa azalduko die, 2020an horrekin elkarlanean hasiko baitira.