BILBO. Hain zuzen ere, irailaren 28an eta 29an, Bilboko, Barakaldoko eta Getxoko 81 eraikin eta Leioako Artaza jauregia doan bisitatzeko aukera egon da eta horrela, jendearentzat arkitektura-balio handia duten eraikinak ezagutu eta urbanismoa baloratu ahal izan da, hori guztia aldez aurretik izenik eman beharrik gabe.

Itsasadarra ardatza izan da, eta haren bidean hainbat arkitektura-lan eta paisaia ezagutu ahal izan dira, hartara gune desberdinen eta bizilagunen arteko lotura historikoak eta harremanak zeintzuk izan diren jakiteko bidea emanez.

631 boluntario aritu dira jaialdian laguntzen eta bisita gidatuak egiten. Gainera, pegatinen sistemari eta eskaintza zabali esker, hobeto kudeatu eta kontrolatu ahal izan da bisitarien kopurua, itxaronaldiak neurrizkoak izan dira-eta.

Bisitari gehien Bilboko Udaletxeak, La Cava etxeek, Ibaigane jauregiak, Bidebarrietako liburutegiak, Barakaldoko Munoa Jauregiak, Leioako Artatza Jauregiak eta Getxoko Etxe Sorginduak jaso dituzte, bakoitzak 1.000 bisitari baino gehiago. Era berean, jarduera osagarri guztietan (Open Txiki, Open Itsasadarra, Open Ibilbideak) leku guztiak bete ziren.

OPEN HOUSE BILBAO

Open House Bilbao Bilboko Udalaren parte-hartze bidezko aurrekontuetan 2017an sortu zen proiektua da. OUT elkarteak sustatutako proiektua, hain zuzen ere, bera baita Open House Bilbao markaren ordezkaria, Open House Worldwide nazioarteko sarearen markoan. Aurtengo edizioan, Barakaldoko Udalaz eta Getxoko Udalaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ere lagundu dute, beste erakunde eta sozietate batzuen artean.

Open House nazioarte-mailako jaialdia da, arkitekturari eta hirigintzari buruzkoa; 1992an egin zen aurrenekoz Londresen. Haren xedea herritarren artean diseinuaren eta arkitekturaren presentzia sustatzea da. Urteen joanean jaialdia beste hiri batzuetara ere zabaldu da, arkitekturan eta diseinuan abangoardian dauden hirietara. Une honetan, 40 hiritan baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen.