BILBO. Ekimenean parte hartzeko oinarriak aurkezteko prentsaurrekoan Alba Nury Orozko Gómez, BIKeko batzorde betearazleko eta Bizkaian bizi diren profesionalen elkarteko kidea, eta Elisabethe Romero, BIKeko bigarren presidenteordea eta Euskadiko kolonbiarren elkarteko kidea ere izan dira.

HIRU KATEGORIA, HELBURU DESBERDINAK

Ingurumari horretan hartzen du zentzua “Bilboko emakume etorkinen aintzatespena” ekimenak. Hiru kategoria izango ditu:

  • Emakume aldaketa-eragilea: kategoria honek emakumeek auzoetan egiten duten lan komunitarioa aitortu eta ikusgai jarri nahi du, batzuetan ikusezina izan arren, ehun sozialerako garrantzi handikoa delako.
  • Emakume ekintzailea: ekonomia sozial eta solidarioan proiektu arrakastatsu eta jasangarriak taldean, elkarteetan edo modu indibidualean garatzen dituzten emakumeentzako sekzioa.
  • Emakume politikaria: Euskadin bizi diren etorkinen aldeko politiken garapenarekin konpromisoa erakutsi duten emakume etorkinak nabarmenduko dituen sekzioa.

Aintzatespenerako hautagaiek emakume etorkinak izan beharko dute, Bilbon erroldatuak, eta gutxienez bi urteko ibilbidea eduki aitortu beharreko kategorian. Hautagaitzak, egoitza Bilbon duten elkarteek, entitate sozialek, koordinadorek eta entitateen federazioek soilik aurkeztu ahal izango dituzte. Epea urriaren 31n amaituko da.

Epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute: Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Lankidetza eta Bizikidetza zinegotzi ordezkaria eta Bilboko Udaleko Immigrazio Kontseiluko presidentea; Elisabethe Romero. Inmigrazio Kontseiluko bigarren presidenteordea eta Euskadiko kolonbiarren elkartekoa (ASOCOLVAS); eta Norma Vazquez, psikologoa eta feminista.

Saritutako pertsonek Iñaki Arce Sagardui artista bilbotarrak (bere izena daraman akademiako sortzailea eta irakaslea) egindako obra bat jasoko dute. Aintzatespenaren diploma ere emango zaie 2019ko abenduan egingo den gala publiko batean.

BILBOKO UDALEKO INMIGRAZIO KONTSEILUA

Udaleko Immigrazio Kontseilua kide anitzeko organoa da, aholkuak eta informazioa ematen ditu eta etorkinen elkarteen eta udalerriko jarduera politikoan, ekonomikoan eta sozialean, gizarteratze- eta bizikidetza-politikak garatzen eta bultzatzen ari diren gainerako eragileen partaidetza demokratikoa ziurtatzeko asmoz sortu zen.

Haren zereginetako bat herritarrentzako sentsibilizazio-programak proposatzea eta kudeatzea da, udalerriko etorkinen inguruko ezagutza eta irudia hobetzeko, “Bilboko emakume etorkinen aintzatespena”, adibidez.