BILBO. 'Auzokizuna 2020' Jarduketa Partekatuko Planaren barruan Bilboko Udalak sustatzen duen eta Lur Maitea Otxoteak antolatzen duen ekimena da, Zabala Berri auzokoen elkartearekin, Gure Txoko gastronomia elkartearekin eta Laboral Kutxarekin batera.

Horrela, bada, zapatuan, 12:15ean, ostalaritzako establezimenduetan abesti herrikoiak kantatzera biltzeko ohitura itzuliko da auzoko kaleetara Bilboko hiru otxoteri esker. Izan ere, kalejira egingo dute uriko txistularien talde batekin.

Ibilbide horretan, Lur Maitea, Jatorki Abots Zuriak eta Txipli Txapla otxoteek inguruko zenbait lekutan eskainiko dituzte emanaldiak. Lehenengo emanaldia batera eskainiko dute 12:15ean, Fleming Doktorearen plazan. Gero, Conde Aresti egoitzan (Zabala 63), Constantino Tenorearen plazan, Xenpelar eta Zabala kaleen gurutzean, eta Xenpelar eta Juan de Garay kaleen gurutzean arituko dira.

Banatuta abestu ondoren, 14:30ean, talde guztiak berriro elkartuko dira eta elkarrekin kantatuko dute Xenpelar eta Zabala kaleen gurutzean, autobusaren geralekuaren ondoan. Horrela bukatuko da kalejira.

Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, otxote horiek kontzertua eskainiko dute batera San Rafael parrokian (Bruno Mauricio Zabala kalea, 22). Doakoa izango da.

BERRESKURATUTAKO TRADIZIOA

Otxoteak zortzi pertsonako abesbatzak dira, ahots-tonu diferentekoak. Tradizio hori 1930eko hamarkadakoa da, Euskadi osoko ostalaritzako establezimenduetan zabaldu zenean, bertan biltzen baitziren abesteko eta jaiak eta ospakizunak alaitzeko.

Talde hauek arituko dira Otxoteen Topaketa honetan:

  • Lur Maitea Otxotea: 2012an sortu zen ahots grabeen munduan presentzia nabarmena edukitzeko asmoz. Bere errepertorioan Euskal Herriko folklore tradizionala eta kultura eta estilo desberdinen aldeko apustua daude. 2019ko martxotik Carlos Pérez Bueno da otxotearen zuzendaria. Zabalako Otxoteen Topaketa 2013tik antolatzeaz gain, aurtengo maiatzean Zazpi Kaleetako Otxoteen I. Topaketa jarri zuen abian.
  • Jatorki Abots Zuriak Otxotea: EITBko Abesbatzen I. Lehiaketan sortu zen, 1989an, ahots zurien abesbatza modura. Euskal Herriko Folklorearen modalitateko lehen saria lortu zuen bertan. 2015eko azaroan itzuli zen eta ordutik hona Bizkaiko zenbait ekitalditan eta lehiaketetan izan dira. Joxean Llorente Etxeberria da zuzendaria.
  • Txipli Txapla Otxotea: 1996an sortu zen Euskal Herriko kantutegiko lanak interpretatzeko. Entseguetan 16 pertsona izaten dira eta emanaldietan eta lehiaketetan otxotearen formatua gordetzen dute. Karmele Barrena da zuzendaria.