BILBO. Izan ere, Europako 300 hiri baino gehiagotan aldi berean ospatzen den ekitaldia da, herritarrei ikerketa eta ikerketaren protagonistak hurbiltzeko helburuz, euren lana, gizarteari ekartzen dizkioten onurak, eta eguneroko bizitzan duten eragina ezagutu ditzaten.

Euskaraz eta gaztelaniaz izango diren jarduerak 18:00etan hasiko dira, ostiralean zein larunbatean, umeei eta gazteei zuzendutako tailerrekin. 3 eta 7 urte arteko umeei zuzendutako jarduera espezifikoa programatu da. “Kid Planets” izenburua eramango duen tailerrean, bere argi propioarekin distira egingo duen eguzki sistemaren maketa egingo dute. Horrez gain, gure ondoko planetei buruzko gauza bitxiak ikasiko dituzte, eta baita elektrizitateari eta osagai elektrikoei buruzko kontzeptuak ere.

8 eta 13 urte artean dituztenek, “Eco-Race” tailerrean hartu ahal izango dute parte. Bertan, etorkizuneko automobilek zelan funtzionatuko duten ikasten ahaleginduko dira. Jarduera horretan, energia zer den eta zelan eraldatzen den aztertuko dute, eta baita gaur egun erabiltzen eta etorkizunean erabiliko ditugun ibilgailuak mugitzeko dauden teknologiak ere. Horrez gain, zenbait energia berriztagarri motak bultzatutako ibilgailuekin jolasteko aukera izango dute, eta prototipo bat ere egin ahal izango dute. Bi tailer horiek euskaraz izango dira.

Horrez gain, eta edizio honetan berrikuntza gisa, 7 urtetik beherako seme-alabak dituzten familiei zuzendutako tailerra programatu da ?euskaraz eta gaztelaniaz?. “DNA bila elikagaietan!” izenburua duen ekimenean parte hartzen dutenek, izaki bizidunetatik DNA zelan lortu eta etxeko teknikak erabiliz horren konposizioa zelan aztertu ikasiko dute. Tailer horiek guztiek hainbat emanaldi izango dituzte, ostiralean eta larunbatean, eta beharrezkoa izango da izena ematea BIHARTIK irailaren 23ra www.bilbao.eus webgunearen bitartez.

Bereziki familiei zuzenduta egongo den programazioa bi esperimentazio gunerekin osatuko da. Alde batetik, steampunk karakterizazioa izango duen azoka. Bertan, ikus-entzuleak, Jules Verneren istorioetan ainguratuta dagoela dirudien munduan murgilduko dira. Bestetik, guztiei zuzendutako esperientzia bat, proteinei buruzkoa. Azken horretan parte hartzen dutenek inguru naturala aztertu ahal izango dute, mikroorganismoen laginak hartu, haien kode genetikoa deszifratu eta horien superahalmenak, entzimak, nondik datozen ikusi. Eta 20:15etik aurrera, adin guztietako ikus-entzuleek “La fábrica de los inventos” ikuskizun zientifikoaz gozatu ahal izango dute ?gaztelaniaz?. Hari gidaria Marie Curieren eta Albert Einsteinen artean sortu zen adiskidetasun handia da, eta 50 minutuko ikuskizun harrigarria izango da.

DIBULGAZIO HITZALDIAK

Tailerrez gain, Deustuko udaltegiak gazteei eta helduei zuzendutako hedapen zientifikoko hiru hitzaldi jasoko ditu egunero, 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean. Ostiralekoak, irailaren 27koak, landuko dituen gaiak zulo beltzak, gizarte eraldaketa Bilboko Itsasadarraren erregistro geologikoan oinarrituta, eta Fisikaren eta Futbolaren arteko erlazioa izango dira, EHU/UPVko hiru irakaslerekin: Joanes Lizarraga, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko irakaslea; Alejandro Cearreta Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakaslea eta Aitor Bergara Materia Kondentsatuaren Fisika Saileko irakaslea.

Larunbaterako programatutako hitzaldiak baterietan eta superkondentsadoreetan zentratuko dira, Eider Goikolea EHU/UPVko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko irakaslearen eskutik. Matematikek eguneroko jardunean, hainbat arlotan, duten aplikazioak izango dira Dae-Jin Lee Basque Center for Applied Mathematics-eko ikertzaileak emango duen konferentziaren gaia. “Lo que el ojo de la ballena no ve” izeneko azken hitzaldia Elena Vecino EHU/UPVko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biologia Zelular eta Histologia Saileko irakasleak emango du. Sopelako hondartza batera hiltzera etorri zen balea baten begitik ateratako likidoan oinarritutako ikerketa lana zuzentzen du. Balearen begiak beste espezie batzuen begien funtzionamenduari, begi barruko presioaren kontrolari ?glaukomaren zergatietako bat da? begiko nerbioaren funtzionamenduari eta betazalari buruz gehiago ezagutzeko.