Bilbo - Kurtso berriarekin batera mahaigaineratu ohi dira helburu berriak. Osasunari lotuta, kirola egitea eta erretzeari uztea izaten dira arruntenak. Baina ikasketei begira, hizkuntzak ikastea da xede berrien artean errege. Horregatik, urtero legez, Bilboko Udalak eta uriko euskaltegi sareak martxan jarri dute Euskaltegiak zabalik. 2019-2020 matrikula orain izeneko kanpaina herritarrak euskara ikastera animatu daitezen. Matrikula egiteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik. Bitartean, autobusetan, erlojuetan eta publizitate-zutabeetan egongo dira ikusgai hainbat iragarki.

Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziaren esanetan, “helburua normalizazioa sustatzea da, Bilbon gure harremanetan euskara erabiltzeko asmoz”. Izan ere, azken asmoa euskara eguneroko bizimoduan erabiltzea eta herritarrak lehenengo berba beti euskaraz egitea da. Hori dela eta, bere ustez, “adina ez da oztopo bat izan behar eta beldurrak albo batera utzi behar dira”. Beraz, herritarrak euskara ikasi eta hobetzeko pausoa ematera animatu zituen atzo zinegotziak.

Asmo horrekin, Euskaltegiak zabalik. 2019-2020 matrikula orain izeneko kanpaina hainbat euskarritan egongo da ikusgai: Bilbobuseko sei autobusetan -zeinak uri osoan zehar ibiliko dira lau astetan zehar-, 21 markesinatan -zeinak auzoetan han eta hemen kontatuta daude-, 24 publizitate zutabetan eta bost udal-erlojutan. Horrez gain, irrati iragarki kanpaina bat ere egingo da.

Atzo ospatutako prentsaurrekoan euskara ikasteko aitzakirik ez dagoela plazaratu zuen zinegotziak uriko euskaltegi ezberdinetako arduradunekin batera. “Bilbon 17 euskaltegi dauzkagu, auzo guztietan banatuta daudenak”, adierazi zuen. Horietako sei Abandoko barrutian kokatuta daude, baina euskara etxetik hurbil ikasteko aukera ere badago Begoñan zein Errekalden. Iaz 6.700 ikaslek baino gehiagok eman zuten izena uriko ikastetxeetan, Euskadi osoan euskara ikasten duten %20ak gutxi gorabehera.

Horrez gain, pertsona bakoitzaren beharrizanetara egokitzen den eskaintza dago. Isabel Isazelaia Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendariak esan zuenaren arabera, “gaur egun euskaltegietan intentsitate eta ordutegi oso ezberdinetako ikastaroak ditugu, autoikaskuntza ere barne. Ditugun ikas sistemekin aukera denentzako dago, oso eramangarriak baitira ikastaroak”. Hori dela eta, euskaltegietara hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi izan zuen, informazio guztia lehen eskutik jasotzeko.

Udaletik plazaratu zutenez, nahiz eta ikasketak euskaraz egin, ume eta gazte gehienak giro erdaldunean bizi dira, batez ere euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan. Horregatik, iaz bezala, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 209.000 euro inbertituko ditu euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei diru-laguntzak emateko; hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei. Izan ere, kolektibo horiek berebiziko garran-tzia dute umeen eta gazteen hizkun-tzarekiko jarreran.

Kolektibo bi horiek ez ezik, deialdian diru-sarrerei buruz ezarritako baldintzak betetzen dituztenek ere diru-laguntzak eskuratu ditzateke. Honakoak 2020ko udan banatuko dira, ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz. Iaz 299 pertsona izan ziren Bilboko Udalak ematen dituen diru-lagun-tzen onuradun, eta Udalak 155.922 euro banatu zituen guztira. Lagun-tza horien %82a gurasoentzat izan zen, %8a aisialdiko begiraleentzat eta gainerako %10a Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonentzat.