BILBO. Bilboko udalak 3.200 plaza baino gehiago eskainiko ditu umeek eta gazteek aktibo bat izan dezaten. Eguneko udalekuak, goizeko udalekuak eta Gaztekluba Uda programak Bilboko 3 eta 17 urte arteko ume eta nerabeentzat dira.

Gaur goizean, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziak eta Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak Birjinetxe ikastetxe publikoa bisitatu dute, Txurdinagan. Ikastetxe honetan, hain zuzen ere, Bilboko hainbat umek eguneko udalekuak eta goizeko udalekuak gozatuko dituzte egunotan.

Ume eta gazteen programak uriko zortzi barrutietan egiten dira eta zenbait helburu dituzte: batetik, jolaserako eta hezkuntzarako espazioak eskaintzea, umeek eta nerabeek ikasteko aukera izan dezaten, udako oporraldian zenbait jarduera egin eta lagun berriak egitearekin batera. Eta, bestetik, laneko eta familiako bizitzaren kontziliazioa erraztea udako oporraldian.

Gainera, programa horiek arreta berezia eskaintzen diete zaurgarritasun egoeran edo desabantaila sozialean dauden familiei. Horrela, 468 plaza erreserbatu dira horrelako familietako adingabeak eguneko udalekuetara joan daitezen. Oporrak estaltzeko modu aktibo bat eskaintzen zaie. Jantoki zerbitzua dagoenez gero, elikadura-premiak ere asetzen zaizkie.

Baliabide ekonomiko urriak dituzten gazte bilbotarrei udan aisia eta jatekoa bermatzeko helburu berarekin, Udalak hitzarmenak berritu ditu aisialdiko lau elkarterekin: Gure Lurra (Zorrotza); Elkarbanatuz (Deustu), Tendel (Otxarkoaga) eta Umeak Kalean (Zazpi Kaleak). 128 plaza dira, 12 eta 17 urte arteko adingabekoentzat, elkarte hauek uriko auzoetan antolatzen dituzten udako udalekuetarako.

“ASTINDU GORPUTZA”

Udalaren ume eta gazte udalekuetan programatzen diren dinamizazio guztien ardatz transbertsalak Bilboko Balioen Agiriko balioak dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa, bizikidetza, parte-hartzea, ilusioa eta osasuna, besteak beste.

Hain zuzen ere, aurten, jarduerek bizi-ohitura osasuntsuak nabarmentzen dituzte. Aurten, “Astindu gorputza” leloarekin, Udalak adingabekoen artean aisialdia sustatu nahi du, kanpoan.

Udalekuen udal programak 1998. urteaz geroztik egiten dira.

“BILBO URIA, UMEEN LAGUNA”

Bilbo uriak “Umeen lagunaren” aitorpena jaso du aurten. Izendapen hau 2015ean hasi zen lan-prozesuaren ostean iritsi da. Prozesu hartan hainbat ekimen jarri ziren abian, Bilboko umeen eta nerabeen bizitza hobetzeko asmoz. Ekimen horien artean, Umeen eta Nerabeen Udal Kontseilua sortzea egon zen.

Joan den ekainetik, Guggenheim Bilbao museoaren ondoko jolas-parkeak seinale bat dauka, UNICEFek emana, uria umeen laguna dela adierazten duena.