BILBO. Arteshop Bilbaore 9. edizioa martxan da gaurtik aurrera. Bilboko udalaren ekimenaren helburua erosketak sustatzea da esperientzia hori eta artea eta kultura lotuz. Helburu hau lortzeko UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek euren proposamen artistikoak erakutsiko dituzte hiriko auzoetako 75 dendatako erakusleihoetan eta beste leku egoki batzuetan.

Ekimen hau gaur hasi da eta obrak dendetan ekainaren 16ra arte erakutsiko dira, gaur goizean Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan egin den ARTESHOP BILBAO 2019ren aurkezpenean ezagutzera eman den bezala. Aurkezpenean Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Xabier Ochandianok; Bilbao Arte Fundazioko zuzendariak, Juan Zapaterrek; eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak, Arantza Lauzirikak, parte hartu dute.

ARTESHOP BILBAO ekimena Bilboko Udalak sustatuta dago, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, eta UPV/EHU eta Bilbao Arte Fundazioaren lankidetzarekin garatzen da. Ekimen honen helburua tokiko dendak sustatzea eta establezimendu horietan erosketak dinamizatzea da erosketen esperientzia aberastuko duen ikuspegi artistiko bat erantsita.

DENDA BAT, ARTE LAN BAT

Duela hilabete batzuk UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak euren lan artistikoekin hasi ziren “Un comercio, una obra de Arte. Denda bat, arte lan bat” esaldia oinarritzat hartuta, esku hartzearen erakusketak duen filosofiarekin bilduz. Gaur hasita eta ekainaren 16ra arte Bilboko 75 dendari esker hiria herritar guztientzat irekita egongo den arte-galeria handi bihurtuko da, horrela erostearen esperientziari balio erantsia zuzkituz.

ARTESHOP BILBAOren edizio honetan parte hartzen duten dendak Uribarri, Txurdinaga, Santutxu, San Ignazio, Rekalde, Otxarkoaga, Indautxu, Deustu, Basurtu, Bolueta, Abando, Alde Zaharra, Amezola eta Bilbao La Vieja bezalako aldeetan daude kokatuta.

ARTESHOP BILBAOn parte hartzen duten ikasleek, tutorizazio sistema baten bidez, Bilbao Arte Fundazioko 10 artista finkaturen laguntza izango dute. Tutore horiek, aldi berean, euren obrak erakutsiko dituzte la Riberako merkatuan eta Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan.

DENDAK, ARTISTAK ETA IKASLEAK AINTZATESTEA

Ekainaren 13an ARTESHOP BILBAO edizio honen sariak emateko ekitaldia egingo da la Ribera Merkatuan. Artearen eta merkataritzaren arloetan ibilbide oparoa duten kideek eratuta egongo den epaimahai profesional batek, aldez aurretik 10 proiekturik onenak hautatu ondoren, dendetan erakutsi diren obrarik onenak aukeratuko ditu. Epaimahaiaren lehen sariak 1.200 euro jasoko ditu; bigarrenak 900 euro eta hirugarrenak 600 euro.

Herritarrak ARTESHOP BILBAO ekimenean parte hartzen duten dendak bisitatzera animatzeko, establezimenduetan erakusten diren sorkuntza-obrak ezagutu ahal izateko eta ekimenean parte hartze aktiboa izateko, aldi berean “Publikoaren Saria” ezarri da. Sari hau 450 eurokoa da eta parte hartu duten dendak bisitatu dituzten herritarren botazioaren emaitzaren arabera emango da eta beste hiru sariekiko osagarria da. Herritarren botoa parte hartzen duten dendetan agertzen den telefono zenbaki batera doakoa izango den deia eginda emango da.

Horiek ez ezik, obrak dendetan erakusten dituzten 75 ikasleen tutore lanak egiten dituzten Bilbao Arte Fundazioko 10 artista ezagunek la Ribera merkatuan eta Turismo Bulegoan erakutsitako obren kasuan ere obrarik onenaren saria emango da.

OPARI-TXEKEEN ZOZKETA HERRITARREN ARTEAN

“Ezagutu itzazu ARTESHOP BILBAO dendak!” leloarekin parte hartzen duten 75 dendak eta obrak identifikatzeko mapak argitaratu dira. Eskuko mapa hauek, erosoak eta eramateko errazak direnak, dendetan, Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan (Plaza Biribila, 1) eta la Ribera merkatuan eskuratu daitezke.

Parte hartzen duten denden berri emateko ez ezik, mapak dendak eta bezeroek horietan saltzen diren produktuak eta erakusten diren obrak ezagutzeko gonbidapena dira. ARTESHOP BILBAO establezimenduetan gutxienez 5 zigilu desberdin lortzen dituenak atxikita dauden denda horietan kontsumitzeko 50 €-ko 20 opari-bonuren zozketan parte hartu ahal izango du. Horretarako mapa zigilatua eman behar da ARTESHOP BILBAOri atxikitako 75 denda horietatik edozeinetan, zozketan parte hartu nahi duen pertsonaren datu pertsonalak idatzita.

ARTESHOP BILBAO, EKIMEN FIONKATUA

ARTESHOP BILBAO ekimenaren bederatzigarren edizioa da eta erabat dago finkatuta hiriko merkataritzaren eta artearen arloetan erosketaren esperientzia aberasten duen eta hazten ari diren artisten sorkuntza-lanak ikustarazteko ekintza dinamizatzaile moduan.

Ekimena 2011n sortu zen. Lehen edizioa esperientzia pilotu moduan antolatu zen eta parte hartu zuten establezimenduak guztira 20 izan ziren; kopurua urtetik urtera hazi da eta gaur egun 75 establezimendu dira.

Sorkuntza-mailan hazten ari diren artisten eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen, Bilbao Arte Fundazioko artisten, Bilboko denden arloko profesionalen eta, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, Bilboko Udalaren inplikazioari esker ekimen hau hiriko merkataritza-egutegiko garrantzitsuenetakoa bihurtu da.